Arantzazurako errepidea larunbat gauean itxiko da eta doako autobus zerbitzua izango da, larunbatean eta igandean
Domekan jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi-maratoia. Urbia eta Aizkorri aldera joateko sarbide garrantzitsua da Arantzazu eta, hori kontutan hartuta, aparkaleku eta garraio publiko plangintza berezia indarrean jarriko du Udalak, iaz esperientzia pilotu moduan probatu zen eskaintza eta protokoloaren haritik.
Zegama-Aizkorrira hurbiltzen diren kirolari eta zale asko autokarabana edo ibilgailu handitan mugitzen dira. Arantzazun, 5 metrotik gorako ibilgailuentzako gunea mugatuta dago eta behealdeko aparkalekuetan, 3 plataformatan daudenetan soilik utzi daitezke ibilgailu luze horiek. Halakoentzako 60 plaza gordeko dira Arantzazuko sarrerako aparkalekuetan. Gunea betetzen denean ez da utziko Arantzazura ibilgailu handi gehiagorik pasatzen. Ertzainak eta udaltzainak ostiralean hasiko dira Arantzazuko aparkalekuaren kontrola egiten eta larunbat ilunkaran, 20:00ak inguruan Arantzazurako errepidea itxiko da, gunea ibilgailuz bete ez dadin. Domeka goizean, eta aparkalekua guztiz bete arte, errepidea berriro irekiko da, baina zaintzapean.
Herrigunean, 5 metrotik gorako luzera duten ibilgailuentzat bi aparkaleku egokituko dira: Ibarran, MU aldeko aparkalekuan, eta Garagaltzan, Ulma gainaldeko aparkalekuan. Gainerako ibilgailuak berriz, 5 aparkalekutara bideratuko ditu udalak: Eltzia, Berezao industrialdean eta anbulatorio atzealdean, doan, eta ordainpekoak diren Kalegoiena eta kiroldegiko lurpeko aparkalekuak. Autoak herrian utzita Arantzazurako joan-etorria doan egin ahal izango da autobusez, bai larunbatean baita igandean ere. Larunbatean ohiko ordutegian beteko da zerbitzua, 7:30etatik 19:00etara. Igandean berriz, maiztasun handiagoz eskainiko da, sei autobus gora eta behera ibiliko baitira, 7:00etatik 11:00etarako tartean. Ondoren, hiru autobusek beteko dute zerbitzua, arratsaldeko 19:00ak arte. Autobusek geltoki bakarra izango dute herrian, Arantzazuko Ama kalean, Elkar Hezi ikastetxe aurrealdean. Horrela, ibilgailuen joan-etorria arindu eta bidaiari guztiek zerbitzuaz baliatzeko aukera berbera izatea lortu nahi da.
Domekarako Arantzazun ostatua hartuta edo bazkaltzeko erreserba dutenei, ostatuko arduradunekin harremanetan jarri eta aparkalekuaren kontua argitzea gomendatzen zaie Udaletik.
Aparkaleku eta garraio publiko plangintza berezi honen parekoa iaz probatu zen lehenengo aldiz, Zegama-Aizkorri maratoiaren harira. Emaitza onak eman zituen eta aurten, errepikatu egingo dela adierazi digute udal ordezkariek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!