Arantzazuko XI. Mikopoteo egingo da larunbatean
Hasierako eredua jarraituz beteko da hamaikagarrenez Arantzazuko mikopoteoa. Aranzadi Zientzia Elkarteko Joxepo Teres mikologia adituak emango duen hitzaldiaz irekiko da ekitaldia. Teresek, onddoei buruz berba egingo du eta biodibertsitatearen giltzarri zergatik diren azalduko du. Euskaraz emango den hitzaldia, Gandiaga Topagunean izango da, 17:30etan hasita. Ondoren, onddo eta perretxikoak dastatzeko aukera izango da, 19:00etatik 21:00etara luzatuko den mikopoteoan. Auzoko lau jatetxek parte hartuko dute: Zelai Zabalek, Arantzazuko Santutegia hotelak, Goiko Bentak eta Sindikak; bakoitzak pintxo ezberdin bat prestatuko du eta mikopintxoak 1,5 eurotan dastatu ahal izango dira, edariaren prezioa berriz, ostatuaren araberakoa izango da.
Arantzazura joan-etorria egiteko doako autobus zerbitzua jarriko da. Autobusa ordu-erdiro abiatuko da Postetxe pareko geltokitik. Lehenengo autobusa 16:45etan irtengo da Arantzazurantz eta itzulerako azken autobusa 21:45etan irtengo da Santutegi ingurutik.
Larunbateko XI. Mikopoteoa irekiz Joxepo Teres Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak “Onddoak biodibertsitatearen giltzarri” hitzaldia emango du, esan bezala. Onddoek ekosistemetan eta, oro har, biodibertsitatean duten garrantziari buruz hitz egingo du; onddoen ezaugarri eta funtzio nagusiak, kontserbazioa eta beste hainbat gai ere azalduko ditu ordu eta laurden inguru luzatuko den hitzaldian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!