Oñatiko udala

Arantzazuko musika artxibo zaharra birkatalogatu eta eskuragarri jarri du Eresbilek

2020/01/16
Card image cap
Euskal Herriko musika funts garrantzitsuenetakoa da

  Arantzazuko musika artxiboa bitan banatzen dute adituek eta mugarria 1835ean Arantzazuko monasterioa kasik erabat suntsitu zuen sutea da. Sute horren aurretik frantziskotarrek osatu zuten bildumari artxibo zaharra deitzen zaio, ondorengoari artxibo berria.

  Musika artxibo zaharrean, XVII, XVIII eta XIX. mendeko mila lanetik gora biltzen dira. Kopuruak berak eta antzinatasunak nahiz barietateak Euskal Herriko musika artxiborik garrantzitsuenetakoa bihurtzen du Arantzazukoa, Eresbileko arduradunek zehazten dutenez.

  Eresbileko zuzendari Jon Baguesek ondo ezagutzen du Arantzazun gordetzen den musika ondarea, 70. hamarkada amaieran, bere ibilbide profesionala hasten ari zenean, Arantzazuko bilduma aztertzen aritu baitzen. Orduan egindako katalogazioa eguneratu da azken bi urteetan eta Musika Iturrien Nazioarteko Artxibategiaren katalogorako lotura eginda, sarean, eskuragarri jarri da. Birkatalogazio prozesu honek hainbat sorpresa eman ditu: ezezagunak ziren hainbat autore identifikatu ahal izan dira eta beste batzuen jatorria zuzendu da. Arantzazuko artxibo zaharra osatzen duten 1.834 lanak  aztertu dira berriro eta dokumentu bakoitzaren fitxa egin da nazioarteko katalogazio arauak jarraituz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!