Oñatiko udala

Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatzeko lanak esleipenera atera dira

2025/02/11
Card image cap
Informazio panelak jarriko dira Azkoagainen eta Urtiagainen eta semaforoa Jaturabeko zubian

  Araotzeko eta Arantzazuko aparkalekuen betetze maila monitorizatu eta denbora errealean jakinarazteko sistema instalatuko du Udalak. Kamera sistema eta errepidean jarriko diren zinta berezi batzuen bitartez, Arrikrutz eta Araotzeko aparkalekuen eta Arantzazukoen okupazio maila ezagutuko da eta argi gorri edo berdearen bitartez adieraziko da aparkalekuen egoeraren informazioa, Azkoagain eta Urtiagain parean jarriko diren paneletan eta Jaturabeko zubiko semaforoan. Helburua, informazioa garaiz adierazi eta auto pilaketak eta gaizki aparkatutako autoak saihestea da. 

  IP21 enpresak osatu duen proiektua gauzatzeko lanak esleipenera atera dira eta interesa duten enpresek martxoaren 3ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Lanak egiteko 130.000 euroko aurrekontua zehaztu da baina merkeago egiteko aukera dago, eskaintza ekonomikoak 90 puntu emango baititu esleitze prozesuan. Beste 10 puntuz baloratuko da sistemaren berme epea luzatzeko proposamena. Lanak, 8 hilabetetan egitea aurreikusten da.

  Araotzerako bidegurutzean eta Arantzazu sarrerako santutxuaren parean zinta edo lazo magnetikoak jarriko dituzte lurrean, pasatzen diren ibilgailuak zenbatu eta aparkalekuetan zenbat leku gelditzen den zehazteko. Informazio hori, panel informatiboetan adieraziko da. Kamerak ere jarriko dira aparkaleku gunetan eta Araozko ostatu inguruan; web kamaren modukoak izango dira, aparkalekuen egoeraren informazio orokorra bistaratuko dutenak, ez matrikulak irakurri edo bestelako zelatatze helburua dutenak. Udaltzainek ere kamera bidez jarraitu ahal izango dute egoera. 

  Lanok, Next Generation funtsetatik jasotako dirulaguntzetatik finantzatuko dira. Aste Santuan, udan, eguraldi ona egiten duen edozein zubitan baita elurra egiten duenean ere, trafiko handitze egoerak hobeto kontrolatzeko lagungarriak izango dira aipatu kamerak eta sistema.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!