Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatu egingo dira
Next Generation funtsetik jasotako dirulaguntzei esker adierazi ahal izango da Araotzeko eta Arantzazuko aparkalekuen betetze maila. Monitorizazio sistema jarriko da, kamera eta errepidean jarriko diren zinta berezi batzuen bitartez, Arrikrutz eta Araotzeko aparkalekuen eta Arantzazukoen okupazio maila ezagutzeko. Argi gorri edo berdearen bitartez adieraziko da aparkalekuen egoeraren informazioa, Azkoagain eta Urtiagain parean jarriko diren paneletan eta Jaturabeko zubiko semaforoan. Helburua, informazioa garaiz adierazi eta auto pilaketak eta gaizki aparkatutako autoak saihestea da. Oñatik turismo jasangarriaren alde egiten duela adierazi du Xabier Igartua Turismo batzordeburuak eta asmo horrekin landu dela Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuan monitorizatzeko egitasmo hau.
Araotzerako bidegurutzean eta Arantzazu sarrerako santutxuaren parean zinta edo lazo magnetikoak jarriko dituzte lurrean, pasatzen diren ibilgailuak zenbatu eta aparkalekuetan zenbat leku gelditzen den zehazteko. Informazio hori, panel informatiboetan adieraziko da. Kamerak ere jarriko dira aparkaleku gunetan eta Araozko ostatu inguruan; web kamaren modukoak izango dira, aparkalekuen egoeraren informazio orokorra bistaratuko dutenak, ez matrikulak irakurri edo bestelako zelatatze helburua dutenak. Udaltzainek ere kamera bidez jarraitu ahal izango dute egoera eta isunak jarriko dituzte semaforo gorriari kasu egin gabe, pasa eta bide bazterretan ibilgailua aparkatzen dutenei. Aste Santuan, udan, eguraldi ona egiten duen edozein zubitan baita elurra egiten duenean ere, trafiko handitze egoerak hobeto kontrolatzeko lagungarriak izango dira aipatu kamerak.
IP21 enpresak osatu du Araotz eta Arantzazuko aparkalekuen monitorizatze sistemaren egitasmoa. Lanak lizitaziora aterako dira eta datorren udararako, abuzturako edo, amaitzea aurreikusten da. Dena den, Araotzen, hasi dira lanak egiten. Arrikrutzeko harrera lekutik aparkalekuraino argindarra eta internet sarea eramateko zuloa zabaltzen ari dira udal brigadako langileak. Araotz eta Arantzazuko aparkalekuen monitorizazio lanek 130.000 euroko aurrekontua dute eta Next Generation funtsetatik jasotako dirulaguntzetatik ordainduko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!