Oñatiko udala

Arantzazuko Artzain eskolan astelehenean hasiko dute 2024-2025 ikasturtea

2024/09/27
Card image cap
Ekainean makila eta diploma jaso zuten "artzain-berriak"
8 ikaslek osatzen dute aurtengo taldea

  28. ikasturtea beteko du Gomiztegiko Artzain eskolak 2024-2025 honetan. Orain hiru urte hasitako bidean jarraituz 9 hilabeteko formakuntza eskaintzen da; arlo praktikoa indartu da, ikasleei ardiaren ziklo osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Era berean, ardi-esnea ez ezik, ahuntz-esnearen aprobetxamendua ere lantzen jarraituko dute Gomiztegin. Astelehenean, irailaren 30ean, 8 lagunek hasiko dute kurtso berria Artzain eskolan. Ikasle gehienak euskal herritarrak edo bertara aspaldi etorritakoak dira, 7 hain zuzen ere: hiru gipuzkoar, bi bizkaitar, arabar bat eta egun Euskal Herrian bizi eta euskara maila polita duen baina jatorriz korearra den beste bat. Zortzigarrena, Bartzelonatik etorriko da.

  Bazka ekoizpena, artaldearen zainketa neurriak, larreen aprobetxamendua, gazta eta bestelako produktuen kalitatea eta merkaturatzea, ardien ugalketa eta ale onenen hautaketa edota ardi esplotazio baten gestiorako bestelako gaiak jorratuko dituzte. Baita ere baserrietako makineria egoki erabiltzeko oinarriak, lehen sorospenak, ekoturismoa, genero berdintasuna edota abeltzaintza ekologikoa eta terapia alternatiboak. Artzain eskolak hasieratik planteatu zituen helburu nagusiei eusten die, hau da, artzain berrien heziketa integrala bultzatzeari, tradizioak erakutsitakoa gorde eta, aldi berean, produktibitatea hobetzeko eskura dauden ezagutza eta teknologia berriak eskainiz. Beti ere, ingurugiroa eta garapen jasangarria zainduz.

  Teoria praktikarekin tartekatzen da eskolan eta praktika horiek lanean urteak daramatzaten artzainekin egiten dira, nagusiki, baina Gomiztegiko artaldearekin ere bai. Azaro inguruan hasi ohi dira kanpoko praktikak egiten Arantzazuko ikasleak. Baina bisitak eta elkartrukeak ere izaten dituzte. Artzain eskolako ikasleek kurtso amaierako proiektua ere osatu beharko dute eta horretarako hainbat tutoretza ordu eta coaching saio izango dituzte.

  Irailaren 30ean hasi eta ekainaren 25ean bukatuko dute 2024-2025 ikasturtea Artzain eskolan. Gauzak ondo, kurtsoa hasi duten 8 ikaslek osatuko dute eskolatik irteten den 28. promozioa .

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!