Oñatiko udala

Arantzazuko Artzain eskolan abian da 2023-2024 ikasturtea

2023/10/10
Card image cap
2022-2023 kurtso amaierako argazkia
8 ikaslek osatzen dute aurtengo taldea

  27. ikasturtea beteko du Gomiztegiko Artzain eskolak 2023-2024 honetan. Orain bi urte hasitako bidean jarraituz 9 hilabeteko formakuntza eskaintzen da; arlo praktikoa indartu da, ikasleei ardiaren ziklo osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Era berean, ardi-esnea ez ezik, ahuntz-esnearen aprobetxamendua ere lantzen jarraituko dute Gomiztegin.
8 lagunek hasi zuten kurtso berria Artzain eskolan, orain bi aste.

  Ikasle gehienak euskal herritarrak edo bertara aspaldi etorritakoak dira, 5 hain zuzen ere: bi bizkaitar, nafar bat, legazpiar bat eta Gipuzkoan urteak daramatzan marokoar bat. Kataluniar, andaluziar eta argentinar ikasle banak osatzen dute aurtengo taldea. Aipagarria da, argentinarra Aragoiko artzain eskolan ikastaroa egin ondoren iritsi dela Arantzazura. Guztira, 3 neskek eta 5 mutilek osatuko dute ikasturte honetako taldea.

  Bazka ekoizpena, artaldearen zainketa neurriak, larreen aprobetxamendua, gazta eta bestelako produktuen kalitatea eta merkaturatzea, ardien ugalketa eta ale onenen hautaketa edota ardi esplotazio baten gestiorako bestelako gaiak jorratuko dituzte. Baita ere baserrietako makineria egoki erabiltzeko oinarriak, lehen sorospenak, ekoturismoa, genero berdintasuna edota abeltzaintza ekologikoa eta terapia alternatiboak. Artzain eskolak hasieratik planteatu zituen helburu nagusiei eusten die, hau da, artzain berrien heziketa integrala bultzatzeari, tradizioak erakutsitakoa gorde eta, aldi berean, produktibitatea hobetzeko eskura dauden ezagutza eta teknologia berriak eskainiz. Beti ere, ingurugiroa eta garapen jasangarria zainduz.

  Teoria praktikarekin tartekatzen da eskolan eta praktika horiek lanean urteak daramatzaten artzainekin egiten dira, nagusiki, baina Gomiztegiko artaldearekin ere bai. Azaroan bertan hasiko dira kanpoko praktikak egiten Arantzazuko ikasleak. Baina bisitak eta elkartrukeak ere izaten dituzte. Abenduan, esaterako, hegoaldeko eta iparraldeko artzain eskolen arteko trukea egingo dute. Artzain eskolako ikasleek kurtso amaierako proiektua ere osatu beharko dute eta horretarako hainbat tutoretza ordu eta coaching saio izango dituzte.

  Irailaren 25ean hasi zen 2023-2024 ikasturtea ekainaren 19an bukatuko da. Gauzak ondo, kurtsoa hasi duten 8 ikaslek osatuko dute eskolatik irteten den 27. promozioa .

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!