Oñatiko udala

Arantzazu eta Araotzen hainbat lan egin dira ur hornidura eta irisgarritasuna hobetzeko

2024/01/11
Card image cap
Arantzazun, Azpilleta eta Goiko Bentako ur sareak lortu dira, Araotzen, Zubia auzoko ur hornidura hobetu da

  Arantzazuko ur hornidura osoa udal sarean sartu da, Goiko Bentako eta Azpilletako ur deposituak lotuta. Azpilletako ur sareaz baliatzen ziren 27 erabiltzaileek urteetan, bereziki udan, izan duten ur kalitate arazoa konpondu da. 2023an udaberrian zehar egin ziren lanok 222.389 euroko kostua izan dute eta Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak erdi eta erdi ordainduko dute. Abendu amaieran onartu da lanen likidazioa eta Udalak, dagokion zatia, 111.000 euro, ordain dezan eskatu dio Ur Kontsortzioari.

  Araotzen, bestalde, Zubia auzoko ur hornidura azpiegitura hobetu da, auzolanean. Araotz Zubia auzuneak ez du ur-depositurik eta inguru horretako baserri gehienek Saratxoko kanaletik zuzenean hartzen dute ura. Bertara bideratzen den uraren kalitatea hobetu asmoz hodi berria jarri dute, auzolanean. Materialerako laguntza eskatu zaio Udalari eta honek 2.800 euro ordaindu ditu.

  Auzolanean, baita ere, bota da hormigoia Madina auzunetik Mikeleterako baso bidean. Bidearen oinarria arbela izanda nagusiki, oso labainkor egoten da bustia dagoenean. Madina auzoko baserritarrek beraien lursailetara iristeko derrigorrez erabili behar duten bidea da baina arriskutsu zegoen traktore zein 4X4 ibilgailuz ibiltzeko. Hala, baso bidean hormigoia bota eta zabaldu dira auzolanean. Kasu honetan ere Udalak materiala, hormigoia, ordaindu du, 23.000 euro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!