Oñatiko udala

Apurtutako arbol eta adarren eraginez argindar etenak izan ziren atzo hainbat baserritan

2019/12/17
Card image cap
Garay enpresako teilatuaren zati bat eraman zuen haizeak eta bidegorria itxi beharra izan zen

  Atzoko haizete gogorrak eragindako kalteen zerrenda luzea da. Lazarragako lorategia eta San Martingo zuhaiztia itxita egon dira, haizeak eragindako kalteak ikusi eta konpondu bitartean. Hainbat adar apurtu dira eta beste batzuk apurtzeko arriskuan daudela jakinarazi digu Udaltzainburuak. Postetxe ondoan ere zuhaitza bota zuen atzo haizeak eta beste horrenbeste gertatu zen Ulma Packaging inguruan, arbol bat apurtu eta Iberdrolako argi-haritegiaren gainera jausi zen, ingurukoak argindarrik gabe utziz. Bidegorriaren alboan, Egaralur enpresaren biltoki inguruan ere, adar batek argindar haria eten zuen, hainbat bezero argi gabe utziz.

  Herrigunean, plazako arkupeetako farola baten tulipa eraman zuen haizeak eta Errekalden seinale bat apurtu zuen. San Juan kalean berriz, hainbat teila jausi ziren errepidera eta Maria Irizar kalean, etxe bateko pertsiana atera zuen haizeak ondoko bidera jausiz. Inguruan aparkatuta zegoen auto bat kolpatu zuen pertsianak. Postetxeko luzero bat ere eraman zuen eta ikusgarriena, Hijos de Juan de Garay enpresako teilatu puska bat atera izana. Ez da lehen aldia haizeak halako kalteak eragiten dituela Garay enpresan. Horma eta teilatua osatzen duen egitura metalikoaren egoera ziurtatu bitartean, bidegorria itxi egin zen Garay pare horretan, oinezko eta bizikletazaleen segurtasuna bermatze aldera.

  Haizeak, 90 Km/h-ko indarra hartu zuen atzo gure inguruan, 90,7ko ufada neurtu zuen Euskalmetek Arrasateko estazioan, 20:30etan. Baina aurretik eta baita ondoren ere, intentsitate baxuagoz baina indar handiz jo zuen hego-ekialdeko haizeak Oñatin. Udaltzainek, herritar askoren abisuak jaso zituzten arratsalde-ilunkaran. Eta gaur berriz, kalean botata agertu diren arropa eta bestelako objektu ugari biltzen ari dira. Beraz, halakoren bat galdu dutenei udaltzaingotik pasatzeko oharra eman nahi zaie. Balkoi edo leiho ondoetan zintzilikatzen diren Olentzero bat ere jaso omen dute.

  Pasa den ostegun-ostiral gauean ere haizeak gogor astindu zituen bazterrak. Garagaltzako hondakinen larrialdi guneko estalkiaren zatia eraman zuela azaldu genuen. Orduan, haizeak kalteak eragin zituen baina bereziki botatako euri ugariak. Euriaren eraginez Duruaran baserrirako bidea bereziki kaltetu dela jakinarazi du gaur Udaltzainburuak. Lur-jausi handia gertatu zen eta errepideari eusten zion lurra ere eraman zuen urak. Beraz, Duruaran baserrirako errepidea egonkortu egin beharko da.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!