Oñatiko udala

Apirilaren 2an iritsiko da Laburbira Oñatira

2020/02/25
Card image cap
Euskarazko 9 film laburrek osatzen dute aurtengo Laburbira

  Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du Laburbira. Aurtengoa 17.a izango da baina Oñatin hirugarrena. 2018an hasitako dinamikari jarraipena emanez aurten ere Laburbirako filmak Oñatin ikusi ahal izango dira. Guztira, 33 herritan eskainiko dira Laburbira zirkuituaren film laburrak, martxoaren 9tik apirilaren 8ra bitartean.

  Aurtengo emanaldietarako 27 ikus-entzunezko aurkeztu ziren eta horietatik bederatzi aukeratu ditu Topaguneak. Hautaketa orduan erabilitako irizpideak anitzak izan dira, lurraldetasuna, ikus-entzunezkoaren disziplina, genero parekidetasuna, gaia eta formatua, besteak beste. Emaitza, emozioz eta sentsazioz beteriko 73 minutuko emanaldia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek eta publiko zabalari zuzendutako emanaldia iragarri dute.

  Euskaltzaleen Topaguneak berak osatutako Gau beltza, Marilin taldearen Urak dakarrena, Josu Martinezen Anti, Amaia San Sebastianen Tigre bat, Kristina Zoritaren Pil pil, Ibon Iza Totorikaren Mamarro, Yolanda Mazkiaranen Kateak, Maitane Eyheramonhoren Jausi bat eta Prixt eta Dimeraz Kultur elkartearen Harria herria lana pantailaratuko dira Laburbira zirkuituan. 2020 urteko eskaintzak, aurreko urteetako joerari eutsi dio: sortzaile gazteen lanak dira gehienak, baina badira esperientzia luzeko zuzendarien lanik ere.

  Martxoaren 9tik apirilaren 8ra bitartean herririk herri erakutsiko dira  Laburbirako filmak. Emanaldi gehienak Euskal Herrian izango dira baina Euskal Herritik kanpoko emanaldiak ere programatu dira, Parisen, Londonen, Valladoliden edota Valentzian esaterako, bertako Euskal Etxeen eskutik. Oñatin, esan bezala, Laburbirako emanaldia apirilaren 2an egingo da Kultur etxean, 20:00tan. Aurrez, Arrasaten, Antzuolan edota Bergaran ikusi ahal izango da, martxoaren 18, 24 eta 25ean.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!