Oñatiko udala

Apirilaren 1ean Oñatik bertako Korrika antolatu dezan proposatu da Debagoieneko AEKtik

2022/02/15
Card image cap
Elorregin Korrika-22arekin bat egingo luke eta Ekilore arteko kilometroa Oñatiko eragileentzat gordeko litzateke

  Korrika 22 herri-batzordea eratzeko bilera egin zen atzo Kultur etxean. Oñati, Korrikaren ibilbidetik kanpo geratu denez, ordezko, edo osagarri, den proposamena egin zen Debagoieneko AEKtik, oñatiarrok ere parte hartu dezagun: Oñatin bertako Korrika antolatu eta, bidegorria jarraituz, Elorregin Bergaratik etorriko den Korrika-22arekin bat egin. Biribilgunetik Ekilore arteko kilometroa Oñatiko eragileentzat gordeko litzateke.

  Begi onez ikusi zen atzoko bilkuran proposamena eta hori lantzen hasi dira gaur bertan Debagoieneko AEKko kideak,  herriko eragileei aurkeztu eta parte hartu dezaten gonbidapena lehenbailehen luzatzeko.

  Korrika girotzeko herri-batzordea eratzea zen atzoko lehen bileraren helburua. Herriko ikastetxeetako eta udaleko ordezkariak bakarrik bertaratu ziren baina hurrengo bileretara herritar gehiago hurbiltzea espero du Korrikaren eskualdeko koordinatzaileak, batzarrrak irekiak direla gogoratuz. Lehen bilera honetan Korrikan parte hartzeko dauden bide ezberdinak azaldu ziren, izan Korrika lagun edo laguntzaile, eta herria girotzeko Korrika kulturalaren egitaraua osatzen hasteko aukerak ere komentatu ziren. Ikastetxeen aldetik Korrika txikia egiteko asmoa azaldu zen eta Oñati bertako Korrikaren aukera eskoletan komentatu eta nola antolatu pentsatzeko konpromisoa hartu zen. Era berean, materiala saltzeko martxoaren 5ean ospatuko den Zuhaitz ferixaren hitzordua probestea erabaki zen.

  Hurrengo bilera martxoaren 3rako finkatu zen, 18:00tan, Kultur etxeko ganbaran. Proposamenak egin edota laguntzeko gertu dauden herriko eragile eta norbanakoak bertaratzera gonbidatzen dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!