Oñatiko udala

Antzinako iturri bat berreskuratu da Santxolopeztegin, bidegorriko lanak probestuz

2021/04/27
Card image cap
Santxolopeztegiko bidegorri aldameneko iturria (Arg:Goiena)
Bidegorria egiteko lanen finantzaketarako hitzarmena sinatu dute Udalak eta inguruko hiru enpresek

  Orain aste batzuk amaitu ziren Santxolopeztegiko industrialdera egin den bidegorri-adarraren lanak baina lan osagarrien azalpena eta finantzazioaren inguruko xehetasunak eman berri dira. Oñati eta San Prudentzio arteko bidegorritik Santxolopeztegiko industrialderako lotura adarraren hasierako aurrekontua 111 mila euro zen arren, likidazioan kasik 150.000 euro gastatu dira. Izan ere, hainbat lan osagarri egiteko probestu baita, bidegorri aldameneko horma sendotu da eta estalita zegoen aspaldiko iturri bat berreskuratu da.

  Bidegorri aldamenean egokitu den iturria Borjako San Frantziskoren garaikoa dela argitu du Zerbitzu eta Landa Garapena batzorde buru Bixente Urrutiak. Jatorrian metal-ura ematen zuen baina hainbat hodi eta kanalizazio egin zirenean emaria agortu zen. Orain, tratatu gabeko ura bideratu da iturrira baina Urkulutik datorrenaz hornitzeko azpiegitura ere egin da.

  Santxolopeztegiko industrialderaino egokitu den bidegorri adarra edonork erabili dezake, txirrinduzaleek, auzotarrek eta noski inguruko enpresetako langileek. Geroz eta gehiago dira autoa utzita lanera bizikletaz doazen langileak, ULMA kooperatiba taldeko lehendakari Lander Diaz de Gereñuk atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, eta horientzat segurtasuna bermatzen duen bidea egokitu izana bereziki eskertu zuen Fagor Industrialeko lehendakari Jone Urzelaik. Enpresa mundutik jasangarritasuna sustatzen saiatzen direla ere azpimarratu zuten, eta hori, besteak beste, egitasmo honetarako diru-ekarpena egiten gauzatu da. Ulma kooperatiba taldeak, Lana kooperatibak eta Fagor Industrialek 10.000 eurona jarri dituzte bidegorri-adarraren finantzaketarako. Foru Aldundiak 47.000 euroko dirulaguntza eman zuen eta gainontzekoa, 73.000 euro, Udalak jarri du. Santxolopeztegiko bidegorri zati berria egiteko lanen finantzaketarako hitzarmena sinatu dute Udalak eta aipatutako hiru enpresek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!