Amiantoaren udal inbentarioa hizpide izango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Hasierako lan zerrendan aipatu bi gaiak jaso dira. Beste gai batzuk ere proposatu daitezke baina horien zehaztapenik ez da eman.
Iazko azaro amaieran Eurocontrol enpresari esleitu zion Udalak udalerrian amiantoa duten instalazio eta kokalekuen errolda osatzeko kontratua. Azterlana amaitu da eta udaleko web atarian argitaratzea proposatu du Hirigintza batzordeak, herritar orok eskura izan dezan. Aztelanean gainera udalaren ardurapekoak izan eta amiantoa duten instalazio batzuk identifikatu dira: Santa Marina plaza 2 eta San Juan kalea 1 zenbakidun eraikin publikoak, hau da, Elkar Hezi eta Txantxiku ikastolak erabiltzen dituzten eraikin bana, eta Gipuzkoako Urak-en mantenua duten ur hornidurako kanalizazio batzuk. Ikastetxeen kasuan amiantoa zorrotenetan dago eta arrisku handi gisa kalifikatu da txostenean. Horrek esanahi du aipatutako amiantoa kudeatzea ezinberstekoa dela eta hori egiteko epe muga 2027ko abenduaren 31rako finkatu da. Lur azpiko ur hoditeriaren kasuan berriz, arrisku ertain kalifikazioa eman da eta kudeaketa gomendagarria dela aipatzen da. Guztiaren berri emango da gaurko tokiko gobernu batzordean Eurocontrol enpresak egindako azterlanari oniritzia eman eta web orrian argitaratu ez ezik, osasun, ingurumen eta lan arloko agintariei kopia bana bidaltzeko.
Bestalde, emantzipaziorako udal dirulaguntzak otsailaz geroztik eskatu daitezke, urriaren 11ra arte. Lehen hilabete horretan tramitatu diren lehen eskaeren ebazpena onartzea proposatuko zaio arratsaldean gobernu taldeari.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!