Amaituta eta erabilgarri dago Larrañako pumptrack-a
Bukatuta daude jada Larrañako pumptrack-a eta bertarainoko sarbidea ere. Egurrezko bi mahai handi eta zakarrontziak ere jarri dira kirol instalazioa osatuz. 200.000 euro inguruko aurrekontua izan dute lanek eta bi arlori eragin diote: kirol instalazioak, hau da, pumptrack zirkuitua eratzeak ia 89.000 euroko aurrekontua izan du, eta, gainontzekoa, sarbidearen eta inguruaren urbanizazio lanek eraman dute.
Kirol zirkuitua egokitzeko lanak Oreinbike enpresaren diseinu eta proiektuaren arabera egin dira. Erabiltzaile talde batek ekarpenak egiteko interesa azaldu zuen eta pumptrack berriarekin pozik daudela esan du Saioa Arkonada, Kirol zinegotziak.
Larrañako pumptrack-ak elkarrekin konektatuta dauden bi pistek osatzen dute, guztira, 150 metro luzeko zirkuitua da, zailtasun maila ezberdineko azpi-guneak, eta 10 metroko erradiodun asfaltozko atseden gunea dauzka. Oro har, bost peralte eta askotariko erabilerarako 24 modulu ditu. Aldi berean, 37 lagunek erabiltzeko aukera ematen duen zirkuitua da.
Hirigintza aldetik, gunerako sarbidea zabaldu eta asfaltatu da, malda pitin bat leundu da eta ingurua argiztatu da, Eltzia eraikinaren Ugarkaldeko sarbidearen irisgarritasuna hobetuz. Egurrezko bi mahai handi eta zakarrontziak ere jarri dira. Lanak erabat amaitu gabe daude, segurtasuna bermatzeko eskudela edo barandilla bat jartzea falta baita, baina instalazioa zabalik eta erabilgarri dago jada.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!