Amaitu dira Urgain herri eskolako jolastokia eraldatzeko bigarren faseko lanak
Pitin bat atzeratu dira Urgain eskolako jolasguneko obrak baina bukatu dira eta eremua erabilgarri dago, dagoeneko. Askotariko lanak egin dira azken hilabeteotan: harmailak sortu, argiteria publikoa berritu, kantxa eremua berrasfaltatu, euri uren sarea eraberritu, iturria egokitu eta lorategia zein berdegunea hobetzeko lanak egin dira, besgeak beste. 244.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan dute bigarren faseko lanok, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren diru laguntza jaso da eta Hezkuntza sailarena ere izatea espero da.
Urgain herri eskolako jolasgunea eraberritzeko lanak faseka egiten ari dira, Iñigo Segurola Lur paisajistak enpresak landutako proiektua oinarri hartuta. Iaz burutu zen lehen fasean, kirol gune asfaltatuaren azalera gogorra heren batean murriztu eta borobilez osatutako gune mistoa sortu zen, patio ondoko udal jabetzako lur saila eskolako eremuan integratuz. Aldi berean, bertako uren kanalizazioa probestuta urmaela egokitu zen. Lanak guztiz osatzeko hirugarren fasea falta da, jolasgunera integratu den ondoko zelaian jolastera gonbidatzen duten zuhaitz eta landareak sartuz eta bestelako jolas elementuak jarriz. Lanak 2025eko udan guztiz amaitzea espero da.
Jolas patioa eraldatzeko proiektuaren azken helburua da jolastokia gune hezitzaile bat gehiago bilakatzea; natura eskolara gerturatu, harremantzeko eta jolasteko eredua eraldatu, genero rolak irauli eta balio hezitzaileak sustatu nahi dira. Urgain herri eskolako jolasgunea eskola komunitateak erabiltzen du ikasturtean zehar, eta eskola ordutan, baina gainontzeko ordutan, asteburutan eta opor garaian, Errekaldeko auzotarrentzat eta, orokorrean, herritar guztientzat irekitzen da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!