Aloñako gurutzearen harrizko oinarria eta hesia konpondu dira
Aloñako Gurutzearen Lagunak elkarteak eman zion udalari gertatutakoaren berri eta konponketetarako laguntza eskatu ere bai. Hasieran, materiala udalak jarri eta lana auzolanean egitea pentsatu zen baina mugitu beharreko materialaren pisua ikusita eta zenbait lan zuzentzeko profesional baten beharra zegoela, igeltsero ofizial bat kontratatu da. Lanak uztaila hasieran egin dira.
Gurutzearen harrizko oinarria eta inguruan duen burdinazko hesia konpondu dira. Lanak osatzeko, hesia margotuko da. Hori ere auzolanean egingo da eta materiala erosteko diru laguntza emango du udalak. Azken gobernu batzarrean aipatu konponketa lanen aurrekontua onartu zen, 7150 € gehi BEZa. Horri pintatze lanetarako materialaren kostua batu beharko zaio.
Orain konpondu diren kalteak 2016ko martxoan gertatu ziren, oinaztu batek gurutzearen oinarria jo zuen eta harriak eta hesi zati bat bota zituen. Bospasei urte lehenago oinarri hori egokitzeko auzolana egin zen eta aurrez gurutzea konpontzeko egindako lanekin ingurua oso txukun zegoen. Laster hala izango da berriro, burdinazko hesia lixatu eta margotuko baita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!