Oñatiko udala

Aloña inguruan 3.000 abelburu baino gehiago larreratzeko baimena eman da

2024/05/09
Card image cap
Larre aprobetxamenduagatiko tasaren ordainketa datorren aste amaieran kargatuko da

  Ganadua Aloña aldera eramateko eskaera onartu zaien jabeei kobratu ohi zaie larreratze tasa. Horretarako, zenbat behor, behi, idisko eta ardi eraman behar dituzten zehazten dute udazkenean, hurrengo urterako larreratze baimena eskatzen dutenean. Txabolarik erabiliko duten ere jakinarazi behar da. Urtetik urtera gora behera txiki batzuk izaten dira larreratze baimena eskatzen dutenen kopuruan; aurten, 169 behi, 2.542 ardi eta 387 behor larreratzea baimendu da. 11 txabola erabiliko direla ere jakinarazi da. Guzti horrek 8.822 euroko sarrera ekarriko dio Udalari, larre aprobetxamenduagatiko tasa kontzeptuan.

  Astelehenean ireki zen tasa ordaintzeko borondatezko epea baina baimendutakoen errolda egun hauetan osatzen aritu dira udal arduradunak eta kargua, datorren aste bukaera aldera gauzatuko dela adierazi dute. Ordainketa helbideratuta dute abeltzain guztiek, baimena eskatzerakoan kontuaren zenbakia ematen baitute. Kargua baimendutako guztiei egingo zaie. Baina ordainketa batzuk itzuli egiten dira, tarteka. Kasu horretan, udal bulegoetatik pasata ordaindu beharko du  ganadu jabeak. Ekainaren 10ean amaituko da larreratze tasen borondatezko ordainketa epea.

  Maiatzeko lehen egun hauetan hasten dira ganadua mendi larreetara eramaten. Gaurtik aurrera eguraldiak hobera egingo duela iragarri dute eta zenbaitek hobekuntza hori probestuko dute azienda goiko larreetara eramateko. Baina artaldeen eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu behar da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu behar da larreratu aurretik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!