Oñatiko udala

Alokairua sustatzeko hobariak eta hondakin tasa soilik igotzea proposatzen du EAJk

2024/10/10
Card image cap
Urriaren 1eko Ogasun batzordean jakinarazi zioten proposamena gobernu taldeari

  Hondakinen tasa %33,6 igo beharko dela adierazi dute EAJko ordezkariek, Europako araudira egokitu behar baita. Horrek, zerga eta tasa guztietan %3ko igoera dakarrela esan dute jeltzaleek eta ondorioz, gainontzeko zergak bere horretan, igoerarik gabe mantentzea proposatu dute. Aldi bereean, etxebizitzen alokairua sustatzeko eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko hainbat neurri berri hartzea proposatzen dute.

  Etxebizitzei dagokienean, hutsik daudenei Ondasun Higiezinen Zergan aplikatzen zaien %100eko errekargoa kentzea eskatu dute berriro, alokairu-eskaintza handitzeko jarri zen helburuan eraginkorra ez dela eta. Kontrara, alokatzen diren etxebizitzei %50eko hobaria aplikatzea eskatzen dute, Bizigune eta Alokabideren bitartez alokatzen dienekin parekatuta. Jaurlaritzaren bi programa horietan sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzen alokairua sustatu nahi da horrela. Hobari honek ez luke lege babesik izango egungo egoeran baina bai programa jakin baten bidez. Horregatik,  udal programa bat diseinatzea eskatu zaio gobernu taldeari. Era berean, alokairurako etxebizitzak egokitzeko helburua duten obretan %90eko hobaria aplikatzea proposatu dute.

  Hobarien atalean azkena, ibilgailu elektrikoentzako karga punturen bat duten garajeei dagokie, hauei ere, Ondasun Higiezinen Zergan%50eko hobaria aplikatzea eskatu dute jeltzaleek. Azkenik, eta iaz egin bezala, Kiroldegiko tarifa murriztuak jasotzeko adin muga handitzea proposatu dute, egungo 22 urtetik 25 urtera arte luzatuz.

  Udal zerga politika jasangarria eta sozialki arduratsua izan dadin lanean ari direla adierazi dute ordezkari jeltzaleek. Gaia eztabaidatzen eta negoziatzen ari direla aurreratu du Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak eta urriaren 24an egingo den Osoko Bilkurarako proposamen adostua eramatea espero duela zehaztu du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!