Oñatiko udala

Alkohol tasa laukoiztu zuen gidari bat atxilotu zuten udaltzainek igandean

2023/07/18
Card image cap
“Besarkada solidarioa” erabiliz lau lapurreta ahalegin salatu dira azken asteetan

  Igande arratsaldean istripua izan zuen auto gidari bat atxilotu zuen udaltzaingoak Olakua auzoan. Aparkatuta zeuden bi autoreren kontra jo zuen eta baimendutako tasa laukoiztu egin zuen alkoholemi proban. Ondorioz, atxilotuta eraman zuten eta halakoetan egin ohi diren diligentziak beteta, libre utzi zuten baina epaiketaren zain.

  Bestalde, lau lapurreta ahalegin salatu dira, azken hiru asteetan, gurean. Laurek hainbat lotura dituzte: San Lorentzo-Olakua auzoetan gertatu dira, besarkada solidarioa deritzon bidea erabili dute eta besarkatzera zihoazen pertsonak oihu egiterakoan autoz ihes egin dute ustezko lapurrek.

  Besarkada solidarioa teknika sinplea da: ezezagun batek besarkatzen gaitu, ustez ezagutzen gaituelakoan, edo beste pertsona bat gogorarazten diogula aitzakia jarrita, eta halako keinua jasotzearen harridurak sortzen duen tartetxoa erabiltzen dute kartera, sakelekoa edota lepoko katea lapurtzeko. Sarritan, lapurtu digutela ere ez diogu momentuan antzematen. Halakoetan oihu edo txilixo egiteko gomendioa egiten da udaltzaingotik, ingurukoen arreta deitu eta lapurra uxatzeko. Ondoren, kasua salatzeko ere eskatzen da, nahiz eta ezer lapurtu ez, udaltzainek inguruak zaindu ditzaten. Hala egin zuten SanLorentzo-Olakua auzunetan halako ahalegina nozitu zuten lau lagunek. Ez zieten ezer lapurtu baina gertatutakoa jakinarazi zuten. Orain hilabete pasa ordea, bi lagunei lepokoa lapurtu zieten Santa Marinan eta Kasablankan, prozedura bera erabiliz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!