Oñatiko udala

Aldikako bide mozketak egingo dira Mendiko kale, Portu eta Bakardadeko ama kaleetan, astelehenetik aurrera

2019/05/31
Card image cap
Inguruko ur hornidura sarea berritzeko lanak egin behar dira

  Gipuzkoako urak elkarteak edateko uraren hoditeria guztiz berrituko Mendiko Kale eta Patrue kaleen artean. Horrek eragina zuzena izango du ibilgailuen trafikoan. Aurrez Bakardadeko Ama kalean egin ziren lanei segida emanez, ur hornidura sareko hoditeria aldatzeko lanak Mendiko kale, Portu eta Bakardadeko Ama kaleko bidegurutzean hasiko dira. Maibi denda inguruan dagoen erregistro batetik abiatu, Portu kalearen goialdean, beira botatzeko edukiontzia dagoen ingururaino zulatuko da eta ondoren, Urtxin loradenda pareraino. Zulaketa eta hoditeria aldatzeko lan hauen ondorioz, Mendiko kalerako pasabidea guztiz itxiko da astelehenean eta ezingo da ibilgailurik sartu edo irten. Mendiko kaleko garajeak ere erabili ezinda geratuko dira hainbat egunetan. Lanak egiten diren lehen asteetan trafikoa  moztuko ez bada ere, tarteka bai, lanek hala eskatzen dutenean etenak egingo dira Bakardadeko Ama kalera eta Santa Marina alderako trafikoan.

  Hiru astetan, lanak Santa Marina aldera iristea espero da eta orduan bai, erdiguneko plaza horren barrenean trafikoa moztu egin beharko da. Hori, ekainaren 24tik aurrera izatea aurreikusten da, baina eguna guztiz zehaztu gabe dago oraindik. Gipuzkoako urak enpresako langileak Santa Marina plazako barrenean zulatzen hasten direnean, Errekaldetik eta Portu kaletik doazen ibilgailuak Bakardadeko ama kalera zuzendu beharko dira hala beharrez, eta Bidaurretako errotondatik aurrera doazenak, berriz, Kurtzebidetik barrena Errekaldera desbideratuko dira. Baina hori, esan bezala, ekainaren 24tik aurrera izango da, ur hoditeria aldatzeko lanak Santa Marina plaza ingurura iristen direnean.

  Gogoan izan, astelehenetik aurrera, Mendiko kalerako sarrera-irteera guztiz itxiko dela eta Mendiko kale, Portu kale eta Bakardadeko ama kaleen arteko bidegurutzea, tarteka itxiko dela. Mendiko kaletik Patrue kalerainoko tartean ur edangarriaren hoditeria nagusia aldatzeko lanek luze joko dute, hiru hilabete inguru aipatzen dute Gipuzkoako urak enpresako langileek, baina luzatu daitezkeela erantsita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!