Aldeko elementuak ditu Oñatik gizateriaren ondare izendatu dezaten, Alderdi Popularreko alkategaiaren esanetan
Alderdi Popularraren Udalerako eta Foru Aldundirako hautagaiek agerraldia egin zuten Sancti Spiritus unibertsitatean, atzo eguerdian. Alboan Javier Calvete izan zuten, Jaengo Baeza gizateriaren ondare izendatu zutenean alkate zena. Izan ere, Oñatirako duten egitasmo nagusia herria gizateriaren ondare izendatu dezatela argitu zuen Ricardo Guisado alkategai popularrak. UNESCOren izendapen berezi hori lortzeko herritarrek eta erakunde publikoek eskutik joan behar dutela gaineratu zuen.
Oñatik gizateriaren ondare izendapena jasotzeko, eta Baezarekin lotzen duten, aldeko elementu asko dituela aipatu zuen Javier Calvete Baezako alkate ohiak: XVI. mendean eratu eta ehunka urtetako formazio historia duen unibertsitatea, patrimonio historiko-artistiko aberatsa, ondare natural paregabea eta herriak bere egin duen erlijiotasuna, Arantzazuko Ama birjinarekin eta ignaziotar ibilbidearekin. Zuzendu beharreko hainbat puntu ere aipatu zituen: erdigunean hutsik dauden eraikin historikoak, horiek itsusi arazten dituzten pintada eta pankartak eta atez ateko hondakinen bilketa sistema.
Euskara litzateke, bestalde, Oñati bereizten duen elementua, Ricardo Guisado alkategai popularraren esanetan. UNESCOk herri edo hiri bat gizateriaren ondare izendatzeko ezaugarri bereizgarri bat izatea eskatzen duela argitu zen eta Oñatin euskararen garapenean esanguratsuak izan diren bi pasarte gertatu zirela gogoratu zuen:Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua, 1918an, eta euskara batuaren oinarriak adostu ziren batzarra, 1968an.
Atzoko agerraldian Mikel Lezama Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko Alderdi Popularraren hautagaiak ere berba egin zuen eta gipuzkoartasunaren alternatiba aldarrikatu zuen, konplexurik gabe Gipuzkoatik eta Gipuzkoarako lanean ari direla esanez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!