Alde Zaharra Hiri Berroneratzeko Plan Integrala aztergai dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Hainbat lan eta zerbitzu emateko lizitazio prozesu abiatzea eta kontratazio proposamenak aztergai izango dira gobernu taldearen arratsaldeko bileran. Batzuk epe motzean gauzatzeko lanak izango dira, beste batzuk, epe ertain edo luzean gauzatuko direnak, Alde Zaharra Hiri-Berroneratzeko Plan Integrala, esaterako. Plana hainbat fasetan garatzea aurreikusten da, baina aurretiazko azterlanak ere burutu beharko dira. Hasteko, alde zaharraren egungo egoera aztertu beharko da; diagnosia egin beharko da, plano, ordenantza, datu estatistiko eta bestelako dokumentazioa bilduz, eta, ondoren, ikuspegi desberdinetatik aztertu beharko da, dagokion eremu arautzailearen baitan, lehen planteamendua zehaztu ahal izateko. Gune historikoaren egoera hobetzeko estrategia definituko duen bide-orria landuko da horrela. Arratsaldeko Gobernu batzarrean, aurretiazko azterlanak egiteko zerbitzua kontratatzea proposatuko da. Era berean, Gaztelekuko hezitzaileen bulegoan berokuntza sistema jartzeko kontratua onartzea eskatuko da.
Bestalde, landa eremuko lursailen mugaketa zerbitzua kontratatzeko lizitazio prozesua abian jartzea aztertuko da gaurko bileran. Orain urtebete, Geograma enpresari esleitu zitzaion Oñatiko landa katastroko lehen hiru poligonotako partzelen mugaketa egiteko zerbitzua. Orain, lan horrekin jarraituz, 4. eta 5. poligonoetako lursailen mugaketa lanak esleipenera aterako dira. Horretarako baldintzak, esleipen irizpideak eta abar zerrendatu dira eta gobernu taldeari aurkeztuko zaizkio onartu eta deialdia zabaldu ahal izateko.
Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzeko lana luzea izango da, terrenoa zabala delako eta faseka egitea erabaki zen. Oñatiko landa katastroa 27 poligonotan banatuta dago eta lehen hiru poligonotako partzelen mugaketa lana urtea hastearekin batera abiatu zen. Elorregi parean hasi eta Zubillagatik Larraña auzoko muga ingururaino iristen dira katastroko lehen, bigarren eta hirugarren poligonoetako partzelak. Datorren urtean, 4. eta 5. poligonoei dagozkienak egitea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!