Oñatiko udala

Aldaketa puntuala egingo da Hiri Antolaketarako Arauetan, Gomiztegiko harrobiaren handitzea mugatzeko

2021/09/02
Card image cap
Harrobia hedadura handitzea gauzatuko balitz
Aldaketa azaldu eta herritarren iritzia jasotzeko parte hartze prozesua egingo da irailean zehar

  Gomiztegiko harrobiaren handitzea galarazi asmoz, Hiri Antolaketarako Arauetan aldaketa puntuala egingo du Udalak. Auzia aspalditik dator, Aridos Aloña enpresak harrobia handitzeko eskaera egin zuenetik.

  2018ko martxoaren 22ko Osoko Bilkuranan jada Hiri Antolaketarako Arauen hiru artikulu aldatzea erabaki zen, Gomiztegiko harrobiaren handitzea onartutako eremuetara mugatzeko, hainbat herritarren eskaerari erantzunez. Baina erabaki horrenkontrako Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen harrobiaren ustiatzaileak, eta errekurtsoa onartu egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak ingurumen-ebaluazio estrategikoari dagokion ingurumen-txostena egin gabe zegoela adieraziz.

  Udalak aipatu txostena eginda, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren oniritzia jaso berri du. Ondorioz, Udalak, Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntuala egiteko prozesua berriro martxan jartzea erabaki du, aurrez, parte-hartze programa gauzatuta. Herritarren mandatua argia zela esan du Izaro Elorza alkateak, Gomiztegiko harrobiaren handitzea galarazteko neurriak hartzea, alegia, eta hori egin zuela orduko gobernu taldeak eta horretan jarraitzea dagokiola egungo taldeari ere.

  Hiri Antolaketarako Arauetan egin nahi den aldaketa puntuala azaldu eta eta herritarren iritzia jasotzeko, informazio saio orokorra egingo da hilaren 14an, herritar orori zuzenduta. Ondoren, 21ean, Aholku Kontseiluaren bilera egingo da. Proposatutako aldaketaren inguruko informazioa udaleko webgunean eta udaleko Hirigintza departamentuan ikusgai dago eta ekarpenak egiteko aukera izango da irailaren 20ra arte. Asmoa, aipatu aldaketa puntualaren hasierako onarpena iraileko Osoko Bilkuran onartzea da, alegazioetarako hilabeteko epea irekiz, ondoren.

  Gomiztegiko harrobia ustiatzen duen Aridos Aloña SL enpresak harrobiaren gaur egungo azalera bikoiztu nahi du, Kortakogain aldera 300 metro lineal luzatuz. Horrek, 40.000m2-koa azalera berria erantsiko lioke egungo harrobiari. Udalak gauzatu nahi duen arau aldaketarekin, harrobiaren ustiapen baimena egun onartuta duen eremura mugatuko litzateke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!