Oñatiko udala

Aldai gaztandegian lapurrak sartu ziren ostiral arratsaldean

2022/07/05
Card image cap
1.200 gazta eta 600 euro eraman zituzten

  Ertzaintzak jaso zuen Olabarrieta auzoko 94an gertatutako lapurretaren abisua, eta salaketa eta ikerketa ere bere esku dago. Nonbait, ostiral arratsaldean, Olabarrieta auzoko 94an dagoen Aldai gaztandegian lapurrak sartu ziren, animaliak gordetzeko duten aldameneko txabolatik barrena, eta gordeta zituzten 1.200 gazta inguru eraman zituzten. Gazta ez ezik, 600 euro ere eraman zituzten, lapurreta salaketan agertzen denez.

  Olabarrieta 94 eraikina ohiko pasabideetatik aparte dago eta lapurrek eraman zutenaren bolumena ikusita, lasai ibili zirela pentsatzen da, lasai, eta pertsona bat baino gehiago, 1.200 gazta ez baitira berehalakoan mugitzen eta edonon eramaten. Lapurreta aurrez ondo pentsatu eta prestatutakoa izan zela pentsatzen dute adituek. Jabeen ohitura eta joan-etorriak ere zainduta zeudela uste da.

  Halako lapurretak ez dira ohikoak gurean, baina ez dira hain ezohikoak nekazal ustialeku handietan, udaltzain-buruak azaldu digunez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!