Alberto Alonso oñatiarra izango da Gogora institutuaren zuzendaria
Alberto Alonso sozialista oñatiarrak zuzenduko du aurrerantzean memoria, elkarbizitza eta giza eskubideak oinarri dituen Gogora institutua. 2015ean erakundea sortu zenetik Gogoraren zuzendari izan den Aintzane Ezenarroren lekuko hartuko du.
Eusko Jaurlaritzan koalizio gobernua osatzeko akordioan sozialisten esku utzi ziren,besteak beste, Justizia eta Giza Eskubideak saila eta memoria gaiak. Eta hala jaso zen Jaurlaritzaren egitura osatzen duten sailak eta sail bakoitzaren egiteko eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakaritzako dekretuan. Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek, kargua hartu eta egun gutxira izendatu du Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendari. Datozen egunotan argitaratu eta ofizial egingo da oñatiarraren izendapena.
PSE-EEko iturrien arabera, Alberto Alonsok ETAren eta gainerako indarkerien historian eta izandako ondorioetan egingo du azpimarra, eta Gogora gizartearengana gerturatzea izango du helburu. Biktimengan eta biktimarioengan jarriko du arreta Gogora institutuaren zuzendari berriak. Memoria, bizikidetza eta giza eskubideen inguruan Alberto Alonsok duen jarrera edo “talantea” aipatu dute sozialistek izendapenaren gako moduan, San Jose sailburuaren eta Alfredo Retortillo Giza Eskubideen sailburuordearen ildo berean doala azpimarratuta.
Alberto Alonso Osalaneko zuzendari izan zen 2016tik 2020ra. Orduan ere Maria Jesus San Josek izendatu zuen. 1976n jaiotako oñatiarra, historian lizentziatua da, UGT sindikatuko afiliatua eta Gasteizko Michelin lantegiko langilea, eszedentzian dagoen arren. Egun Legebiltzarrean parlamentarioa da eta Bergarako udalean zinegotzi.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!