Oñatiko udala

Akordiorik gabe amaitu da Stadlerreko kaleratzeen negoziazioa

2025/03/12
Card image cap
Enpresa itxi eta 58 langileen kaleratzeari apirilean ekingo zaiola jakinarazi du ELA sindikatuak

  Enplegua Erregulatzeko Espedientea negoziatzeko zuzendaritza eta langileen ordezkarien arteko elkarrizketak ezerezean amaitu direla zabaldu du ELA sindikatuak. Ondorioz, azken orduko inbertitzaileren bat agertzen ez bada, Santxolopetegiko lantegia itxi egingo da, puntura arte izan duen plantila osoa, 58 langile, kalean utzita. Datozen asteotan, apirila hasiera-erdialdean hasiko dira kaleratze horiek gauzatzen. Kalte ordainak ordaintzeko gaitasunik ez duela jakinarazi dien enpresak sindikatuei, ondorioz, langileek FOGASA Soldatak Bermatzeko Funtsera jo beharko dute gutxieneko kalte ordainen bat jaso ahal izateko. Orain arteko soldatak ordaindu zaizkie langileei.

  Uztailean sartu zen Stadler hartzekodunen konkurtsoan eta Enplegu Erregulazio Espedienteari dagokion kontsulta epea pasa den ostiralean amaitu zen, inolako akordiorik gabe. Enpresaren itxiera, zuzendaritzaren kudeaketa txarraren ondorio dela salatu du beste behin ELA sindikatuak. Itxierak, herriko enpresa historikoetako baten amaiera ekarriko du, Stadler 1969an sortu baitzen. 

  Stadlerrek automozio sektorerako sintetizatutako pieza metalikoak manufakturatu ditu orain arte. Azken urte hauetan hainbat gatazka izan dira enpresan, orain hurrengoa, 2021ean, 12 langile kaleratu eta gainontzekoen soldata %30 murrizteko enpresak EEEa jarri nahi izan zuenean. Orduko hartan, langileen mobilizazioek asmoak atzera botatzea lortu zuten; oraingoan, ez da halakorik iragarri. Bost ordezkarik osatzen dute Stadler-eko enpresa komitea egun: ELA eta ESK sindikatuetako bina ordezkarik eta independiente batek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!