Aizkorri-Aratz-Udalaitz inguruko haitzulo handien eguneratze lana egin du AMETek

Aizkorri-Aratz-Udalaitz inguruko haitzulo handien taulak eguneratu ditu Aloña Mendiko Espeleologia Taldeak. Eskuartean darabilten haitzuloen katalogoak 1.121 haitzulo dituzte eta horietatik 1.000 metroko garapena baino gehiago dutenak eta 100 metroko desnibela baino handiagoa dutenak taula batzuetara atera dituzte. Lehenengoan 15 haitzulo agertzen dira, bigarrenean, 20.
Garapenik handiena duen haitzuloa Gesaltza-Arrikrutz klasikoa da, ia 17 kilometrorekin; eta atzetik datoz 6.500 metro ingururekin, Galarra eta Ubaoko kobak. Zerrendan bosgarren eta seigarren dira Lizartza 1 eta Iritegi sistema, datozen urteetan hazten jarraituko dute, espeleologia taldekoen esanetan.
Desnibelari erreparatua, sakonena beste klasiko bat da: Gazteluko Urzuloa 1. Lizartza 1 bigarrena da zerrendan eta hau Gesaltza-Arrikrutz sistemarekin lotzea da AMETekoen helburuetako bat, taldeak bere blogean argitaratu duenez. Hala eginez gero, orain arte katalogatutako desnibela handitu daiteke. Berritu den taulan, desnibel handia duten hurrengo haitzuloak Gaztelu Arroko Lezia 3 eta Ubao dira.
Haitzulo handien taulak Aloña Mendiko Espeleologia Taldearen blogean argitaratu dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!