Oñatiko udala

Aizkorri-Aratz Natura Parkeko patronatuak bilera egin du, aurten burutuko diren jarduketak errepasatzeko

2024/05/10
Card image cap
Tokiko fauna eta flora zaindu eta babesteko inbertsioak egingo dira, besteak beste

  2024. urtean Aizkorri-Aratz Natura Parkean burutuko diren jarduketak zehaztu ziren Gandiaga Topagunean atzo egin zen patronatuaren urteko bileran. Aizkorri-Aratz Natura Parkeko balio naturalak zaindu, lurraldearen garapen sozioekonomikoa, eta parkearen ezagutza eta aisialdiko ekintzak bultzatzea da patronatuaren helburua, eta urtero egingo diren lanak patronatuaren bileretan adosten dira.

  Aurten egitekoak diren inbertsioen artean nabarmentzekoak dira, baso eta larre publikoak hobetu eta mantentzea, lurraldeko fauna eta flora zaindu eta flora exotikoa ezabatzea, arriskuan dauden espezieak babestu eta kultura ondarea bermatzea. Arlo bakoitzean lan espezifikoak egingo dira 2024an zehar.

  Aizkorri-Aratz Natura Parkeak 16.000 hektareako azalera du eta Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkila, Elgea eta Zaraia ingurua ukitzen ditu. Parkeko eta aldi berean EAEko punturik garaiena Aitxuri da, 1.551 m-rekin. Aizkorri-Aratz Natura Parkea, biodibertsitate aberatseko eremua da, eta bertan fauna eta flora espezie desberdinak topa daitezke; hala nola, pagadiak, kandugabezko hariztiak, txilardiak, otadiak eta kareharrizko haitzetan sortzen den flora berezia. Faunari dagokionez, gailurretako uhandrearen presentzia nabarmentzen da eta hegaztien artean, belatz handia, sai arrea, sai zuria, belatxinga mokohoria eta belatxinga mokogorria. Mendi larreetako berezko espezieak ere ageri dira, hala nola mendi-tuntuna, mendi-txirta, harkaitz-zozo gorria eta elur-lursagua. Aipagarria da gainera, zonaldea oso garrantzitsua dela kiropteroentzat, bai baso naturalen hedaduragatik bai eta babesa ematen dieten haitzulo ugariengatik ere. Baso inguruetan lepahoria, ipurtatsa eta basakatua topa daitezke. Ingurua latxa ardiaren artzaintzarako leku garrantzitsuenetako bat da, eta ardiekin batera azienda gorri eta zaldi-azienda ugari ikus daitezke, artzainen babesleku diren txabolekin batera.

  Aizkorri-Aratz Natura Parkeko patronatua osatzen dute, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrak, parkeak ukitzen dituen udalek, tartean Oñatikoak, eta beste zenbait erakundek. Guztietako ordezkariek bat egin zuten atzo Gandiaga Topagunean patronatuko urteroko bilkura egiteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!