Aitor Tatiegik Osinalde sariko finalean parte hartuko du, apirilaren 6an
Sariketatik sariketara dabil Aitor Tatiegi oñatiarra. Ostiralean Erniarraitz sariketako finalean kantatu eta bigarren sailkatu zen, apirilaren 6an, Osinalde sariketako finalean arituko da.
Azpeitiko Sanagustin kulturgunean jokatu zen Erniarraitz bertso sariketako finala, ostiral gauean. Andoni Rekondok jantzi zuen txapela, 287 puntu lortuta. Bertsorik onenaren saria ere Rekondok jaso zuen. Aitor Tatiegi berriz, bigarren sailkatu zen 255,5 punturekin. Erniarraitz bertsolari gazteentzako sariketa da Azkoitiko bertsozale elkarteak antolatzen du, bi urtez behin.
Apirilaren 6an bestalde, 52. Osinalde sariaren finala jokatuko da Gabirian. Larunbatean jokatu zen hirugarren eta azken kanporaketa Ordizian, Argi Berri Saria, eta Bittor Altubek eta Aitor Ugartek jaso zuten finalerako txartelak. Aurrez, Aitor Tatiegik eta Eki Mateorenak Aztirian eta Aner Peritzek eta Maddi Aiestaranek Zaldibian lortu zituzten beraien txartelak.
Tatiegi lehenengo sailkatu zen Aztiria auzoko Aztiri-Bat elkartean, martxoaren 16an.
Osinalde sariko finala ez zaio arrotza egingo Aitor Tatiegiri, orain bi urte ere sailkatu baitzen. Hainbat oñatiarrek parte hartu dute Osinalde sariko finaletan, azkenaldian: Urko Arregik 2021ean eta Maider Arregi arrebak 2016an eta 2017an, esaterako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!