Oñatiko udala

Aitor Tatiegik Eskolarteko Euskal Herriko bertsolari txapelketan parte hartuko du bihar

2019/06/07
Card image cap
Sarako trinketean 13 bertsolari gaztek kantatuko dute, txapela eskuratzeko helburuz

  Euskal Herri osoko 13 parte-hartzaile elkartuko dira bihar goizean oholtzan Eskolarteko txapelketaren bat-bateko finalean. XXXI. Eskolartekoak lurraldez lurralde egin du bidea lehenik, eta haietatik sailkatutako ordezkariak izango dira parte hartzen, tartean Aitor Tatiegi oñatiarra eta Gipuzkoako txapeldun dena. 

  11:00tan hasiko da finaleko saioa, Sarako trinketean, esan bezala. Saioak bi atal izango ditu. Lehenean, 13 bertsolariek agurrekoa eta zortziko handian nahiz txikian gaia emanda binaka arituko dira. Bigarren atalean berriz, puntuazio altuena lortu duten 6 bertsolariak bakarka arituko dira, zortziko txikian lehen puntua emanda eta 5 puntuko neurrian gaia emanda. Irabazleari Maddi Sarasuak jantziko dio txapela, Aitor Sarasuak bertsolaritzari egindako ekarpen handiari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean.

  Aitor Tatiegi ez da Euskal Herriko eskolartekoan parte hartzen duen lehen oñatiarra, aurrez, Maider Arregi aritu baitzen, Tatiegiren bide berbera jarraituta gainera, Gipuzkoako txapela jantzi ondoren, hain zuzen ere. Orduko hartan, 2014an, Maider Arregik Euskal Herriko txapela ere lortu zuen.

  Aitor Tatiegik hainbat urtetan parte hartu du Eskolartekoan baina aurtengoa azkena du, dagoeneko 18 urte baitauzka.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!