Aitor Tatiegi oñatiarrak jantzi du XXXI. Gipuzkoako eskolarteko txapela
Lasturko tabernan ostiral ilunkaran jokatu zen Gipuzkoako eskolarteko bapateko finala. Aurreko lau kanporaketetan zuzeneko sailkapena nahiz puntuka sailkatu ziren 8 bertsolari gazteak aritu ziren nor baino nor. Aitor Tatiegik, hain zuzen ere, Ibarran jokatu zen lehen kanporaketan eskuratu zuen finalerako lehen txartel zuzena. Lasturren, Aitor Tatiegirekin batera, Uxue Alkorta, Aner Peritz Euzkitze, Haizea Arana, Imanol Albizu, Oihana Arana, Igauri Lopetegi eta Maddi Aiestaran aritu ziren kantari.
Lagun arteko giro politean joan zen saioa eta txapela, esan bezala, Aitor Tatiegi oñatiarrak jaso zuen. Eskertza bertsoan, etxekoak ez ezik, eskolarteko honetan bidelagun izan dituen Txinparta bertso eskolako Bittor Zubiagirre eta Xabi Agirre bereziki gogoan izan zituen.
Ostiralekoa ez zen lehen finala Aitor Tatiegirentzat, iaz ere, azken saiora iritsi baitzen. Gipuzkoako eskolartekoen txapela jaso zuen lehen oñatiarra ere ez da, 2014an Maider Arregik jantzi zuelako, eta Gipuzkoakoa ez ezik, Euskal Herrikoa ere bai. Aitor Tatiegik, ekainaren 8an Saran izango du Euskal Herriko finala.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!