Aita Mari ontziaren hurrengo misiorako bokadilo eta pintxo solidarioak salduko dituzte Hotz Oñatikoek , ostiralean
Aita Marik egingo duen hurrengo misiorako emergentzietarako kitak prestatuko ditu Hotz Oñati taldeak, lehenago ere sarritan egin duen bezala. Materiala eskuratzeko dirua behar da, ordea, eta hori, Atzeko kaleko jaixen baitan egingo duten bokadilo eta pintxo solidarioak saltzen lortu nahi du Hotz Oñati taldeak. Baina herritarren laguntza behar dute salgai jarriko dituzten patata tortilak egiteko.
Ostiral arratsalde-ilunkaran egingo dute bokadilo eta pintxo solidario ekintza Atzeko kalean. Aurrez, etxean egindako patata tortilak bertara eramatea eskatzen dute. 19.00etan Atzeko kalean egin da hitzordua. Jasotako tortilak ogitartean salduko dira, 5 eurotan, pintxoak berriz, 2 eurotan. Lortutako dirua Aita Marik laster hasiko duen misiorako emergentzietarako kitak prestatzeko izango da.
Duintasun kit hauetan arropa eta higiene beharrak betetzeko materiala izaten da: txandal, kamiseta, barruko arropa, eskuoihal edo toalla eta edalontzia. Beharraren arabera galtzerdiak, hortzetako eskuila eta pasta ere sartzen dira banakako poltsetan. Itsasoan erreskatatutako pertsonei ontzira sartu orduko ematen zaizkie kit hauek.
Maiatzean ere, San Miel Txikitako jaixetan, etxean egindako patata tortillak pintxo eta ogitarteko moduan saldu zituzten Hotz Oñatiko kideek eta lortutako 1.800 euroak, Palestinara, Israelen erasopean bizirauten ari direnei laguntzeko bidali zituzten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!