Oñatiko udala

Aisialdiko begirale ikastaroa antolatu du Udalak

2024/09/02
Card image cap
Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa Oñatin eta euskaraz emango da

  Haur eta gazteen aisialdirako begirale ikastaroak, teoria eta praktika uztartzen ditu. Urrian hasi eta maiatzera arte luzatuko da eta larunbatetan emango da, 9:00tatik 15:00tara. Horri, otsaila hasieran asteburu osoan luzatuko den jardun berezia batu behar zaio. Guztira, 150 ordu teoriko eta 160 praktiko osatuko dira.

  Udalak antolatutako formazio ikastaro honetan parte hartzeko, DBH titulua eta maiatza amaieran, hau da, atal teorikoa burutzen denerako, 18 urte beteta eduki behar dira, praktikak egiteko adinez nagusi izatea eskatzen baita. Ondoren, alde praktikoa egiteko bi urteko epea izango dute partaideek, 2026ko irailera arte. Titulua eskuratzeko memoria osatu eta aurkeztu beharko da.

  Ikastaroak 500 euroko matrikula kostua du baina udalak diru laguntzak emango dizkie ikasle eta langabetuei. Hauek, matrikula kostuaren %75a berreskuratzeko aukera izango dute eta gainontzekoek % 50a, baldin eta Oñatin erroldatuta badaude eta ikastaroaren aprobetxamendu ona erakutsi edo titulua eskuratzen badute. Zabalik dago jada aisialdiko begirale ikastaro honetan izena emateko epea. Azken eguna, urriaren 9a izango da. Izena, udaleko web orrian sartuta eman behar da. Plazak mugatuak dira eta lehentasuna, oñatiarrek izango dute.

  Informazio gehiagorako, bide ezberdinak daude: Iñaki Akizu udal teknikariarekin berba eginda honako telefono zenbakira deituta: 688 744 932 edo mezu elektronikoa bidalita, iakizu@onati.eus helbidera. Informazio bilera irekia ere antolatu da, irailaren 17an, 18:00etan, Euskaldun berria gelan.

  Udalak bi urtean behin antolatu ohi ditu aisialdiko begirale ikastaro hauek. Orain arte bost egin dira eta 2024-2025 ikasturterako hau seigarrena litzateke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!