Oñatiko udala

Adikzio mota desberdinen tratamendurako udal dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2024/05/03
Card image cap
Adikzioa duen pertsonaren nahiz senitarteko eta laguntzaileen garraio gastuak arintzeko dirulaguntzak dira

  Adikzio mota ezberdinak tratatzeko Oñatitik kanpora joan behar dela kontutan hartuta, garraio gastuak arintzeko dirulaguntzak eman ohi ditu Udalak. Helburua, Oñatiko biztanleei EAEko tratamendu-zentro publiko edo hitzartuetara joateko aukera ematea da.

  Dirulaguntza hauen onuradunak, droga mendekotasun arazoak edo beste mota bateko adikzio edo kontsumo arriskua duten eta tratamendu programak egiten ari diren Oñatiko biztanleak dira. Baita ere, tratamendua eraginkorra izan dadin adikzioa duen pertsona horri laguntzen dion senitarteko edo lagunarena. Familiako kideek ere garraio dirulaguntza eskatu dezakete, Oñatin erroldatuta badaude eta autolaguntza taldeetan parte hartzeko beste herri batera joan behar badute.

  Udal dirulaguntza hauek esan bezala, garraio gastuak arintzeko dira, bai garraio publikoan nahiz norberaren ibilgailuan egindakoak. Gehienez, bi pertsonak hilean egindako bidaia kopurua eta txartela erabiliz garraio publikoak duen kostua hartuko da kontuan.

  Adikzio mota desberdinen tratamendurako udal dirulaguntzak eskatu ahal izateko bete beharreko baldintzak hiru dira oinarrian: tratamendua hasi duen pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, gutxienez bi urtez, edo udalerrian gutxienez hiru urtez erroldatuta dauden senideekin bizitzen egon behar du; adikzioa duen pertsonak lau hilabete gutxienez eraman beharko du errehabilitazio-programan; eta helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin bateraezinak izango dira laguntza ekonomiko hauek.

  Adikzio mota desberdinen tratamendurako dirulaguntza hauetarako eskaerarik ez zen jaso iaz. 2024an eskaerak egiteko epea berriz, zabalik dago azaroaren 30ean amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!