Oñatiko udala

Adierazpena kaleratu dute UEMAko lehendakariak eta Oñati, Tolosa, Hernani eta Bergarako alkateek

2024/10/28
Card image cap
Euskararen aurkako azken sententziaren aurrean 4 puntuko idatzia sinatu dute

  Kabia erakundeak adinekoen egoitzetan 54 lanpostu egonkortzeko egindako deialdia baliogabetu du berriki Administrazioarekiko Auzien 1.Epailegiak, hizkuntza eskakizunak direla eta. Lanpostu horietako zenbait Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren Oñati, Tolosa, Hernani eta Bergarako egoitzetan bete behar ziren. Kaleratutako sententziaren harira, 4 puntuko adierazpena sinatu dute, UEMAko lehendakariak eta aipatu herrietako alkateek.

  Kezkaz eta larritasunez hartu dute sententzia, herritarren hizkuntza-eskubideak zapaltzea dakarrelako epaiak eta erabilitako “desproportzioa” eta “inposizioa” moduko argudioak faltsuak direlako, adierazpenaren arabera. Sententzia testuinguruan ere jartzen da adierazpenean, azkenaldian, halakoak pilatzen ari direla esanez eta herritarren hizkuntza eskubideak gutxiesteko eta hizkuntza plangintza erabat baldintzatzeko norabide argia marrazten ari direla erantsiz. Epaiak adinekoen egoitzei eragiten diela ikusita larritasun berebizikoa dela aipatzen da, biztanle-multzo zaurgarri baten zerbitzua ezbaian jartzen duelako, eta euskaraz jakiteko betekizuna kenduta, erabat babesgabe uzten dituelako zentro horietako erabiltzaile euskaldunak. Azkenik, euskara indarberritzeko lege babes sendoa eskatzen dute sinatzaileek eta halako lege araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakundeei dei egiten diete.

  Era berean, euskararen aurkako azken sententziak salatzeko deitutako mobilizazioekin bat egiten dute UEMAko lehendakariak eta Oñati, Bergara, Tolosa eta Hernaniko alkateek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!