Oñatiko udala

Abuztuan ez da herri osoko argi mozketarik egingo

2024/07/19
Card image cap
Mantentze lan batzuk egingo ditu Oñargik baina ez dute hornidura sare orokorrean eraginik izango

  Urteetan eman dugun oharra izan da, Oñargik abuztuko arratsalde batean argi-mozketa egingo zuela, errebisio eta konponketa orokorrak burutzeko. Aurten, ordea, ez da halakorik izango, Oñargik ez du herriko bere hornidura sareari eragingo dion argi mozketarik egingo. Hala ere, mantentze lan batzuk egin-egingo dira eta hiru eraikin konkreturen hornidurari eragingo diote: Olateko eta Lamiategiko zentralei eta Urrexolako Miruerreka elkarteari. Lan horiek abuztuaren 7an, goizean, egingo dira eta ondorioz, aipatu hiru eraikinetan lau orduko argindar etena izango dute: 8:00etatik 12:00etara, hain zuzen.

  Urrexola eta Zañartu arteko erdi tentsioko linean hainbat mantentze lan egingo dira abuztuaren 7an baina inguruko hiru eraikinei bakarrik eragingo diete zuzenean: Urrexola auzoko 1 eta 2 zenbakidun eraikinei eta Zañartu auzoko 25 zenbakidunari. Aipatu hiru eraikinetako bat elkarte partikularra da, Miruerreka elkartea, beste biak, herriko argindar sareko bi zentral, Olatekoa eta Lamiategikoa.

  Aurten beraz, Oñargk ez du argi mozketa orokorrik egingo abuztuan. Herritarrok ez dugu aparatu elektronikoak deskonektatu eta hornidura bueltatzen denean berriro konektatzeko ardurarik hartu beharko. Asko, lasaiago joango dira oporretara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!