Abraham Cupeiro galiziarraren kontzertua izango da Arantzazun, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan
Klasikoa da abuztuko egutegian Donostiako Hamabostaldia eta klasikoa, baita ere, musika ziklo honen eskutik Arantzazun kontzertua eskaintzea; aurten abuztuaren 29an izango da. Abraham Cupeiro musikari galiziarrak Ahaztutako soinuak izeneko kontzertua eskainiko du. Ahaztutako soinuak, neurri batean, denboran zeharreko bidaia bat da; jatorrizko iturrien bilaketa bat, gaur egungoarekin bat egiteko eta diskurtso berri eta harrigarri bat sortzeko. Hala, garai batekoak diren instrumentuak orkestra moderno batekin nahasten dira, sortuak izan ziren testuingurutik aldenduz.
Cupeirok haize instrumentuak jotzen ditu baina biolina, biolontxeloa, piano eta organoa nahiz perkusioa biltzen dituen Ensemble Música Práctica taldea alboan emango du Arantzazuko kontzertua. Kamerata Oiassoko bakarlariek, Oreka TX txalapartariek, Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek eta Eñaut Elorrietak ere parte hartuko dute.
Arantzazurako propio osatuko den Ahaztutako soinuak programan, Piazzola, Bartok, Cupeiro, Elorrieta eta Oreka TXren lanak entzun ahal izango dira. Hiru hilabete falta dira Arantzazuko kontzerturako baina bihar bertan jarriko dira sarrerak salgai, Musika Hamabostaldiko gainontzekoekin batera.
Ahaztutako soinuak kontzertua abuztuaren 29an, 19:00etan izango da Arantzazuko Santutegiko elizan eta sarrerak 13 eta 18 eurotan eskuragarri jarriko dira bihar, Hamabostaldiaren web atarian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!