Abokatuarekin kontsultatu ondoren erabakiko du Udalak Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren sententzia errekurritu ala ez
Epaitutako gertaerak orain urtebete jazo ziren. Kiroldegiko mantentze teknikari lanpostua aldi baterako betetzea proposatu zitzaion udaleko lan poltsan zegoen hautagai bati. Urtebeterako bitarteko kontratua eskaini ei zitzaion, hiru urtera arte luzatzeko aukerarekin, prentsan argitaratu denez. Momentuan beste enpresa batean kontratu finkoa zuen hautagaiak Zubikoa kiroldegira lanera etortzea erabaki zuen eta bertan hasi zen, martxoaren 27an kontratua sinatuta. Baina kontratazioan akats bat izan zela adierazi zioten, hitzez, eta apirilaren 30a azken laneguna izango zuela, sententzian zehazten denez.
Kaleratutako langileak Eibarko epaitegira jo zuen eta, honek, Oñatiko Udalaren kontrako sententzia eman zuen; bost eguneko epean langilea berriro lanean hartu edota 30.000 euroko gehigarria ordaindu beharko zion, eragindako kalteengatik. Udalak sententzia errekurritu eta Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren eskura pasa zen kasua. Baina honek Eibarkoaren epaia berretsi egin du. Besteak beste, Europako Gutun Sozialean oinarrituta, urtebetez lanean jardunda jasoko lukeen soldataren araberako kalte-ordaina berretsi du Auzitegi Gorenak.
Ostiralean jaso zuten sententziaren berri udaletxean eta hurrengo egunean albistea prentsan argitaratu zen. Ebazpena bere osotasunean abokatuarekin errebisatu ondoren erabakiko dute udal arduradunek zer egin, sententzia errekurritu edo bere horretan onartu eta agindutako kalte-ordaina ordaindu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!