Abian dira Arantzazulab-ek antolatutako “Demokraziaren berrikuntza” jardunaldiak
Berrikuntza eta diseinua demokrazia indartzeko erronka konplexuen egungo testuinguruan izeneko jardunaldiak antolatu ditu Arantzazulab-ek. Bihar arte luzatuko diren jardunaldiok hainbat helburu dituzte: gaia eztabaida publikora eramatea; demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak ezagutzea eta eraldaketarako inspirazioa jasotzea; gogoeta partekaturako espazio bat sortzea; eta eztabaida hauek Arantzazulab-en lanarekin lotzea.
Demokraziaren Berrikuntza Jardunaldien lehen edizio honetan 24 hizlari izango dira guztira, Australiatik, Kanadatik, Erresuma Batutik, Taiwan-etik, Frantziatik, Estatutik eta Euskal Herritik gerturatutakoak. Bilbon atzo arratsaldean egin zen irekiera ekitaldian, Berrikuntza eta diseinua demokrazia indartzeko gaiaren inguruan aritu ziren. Jardunaldiak Arantzazun osatuko dira gaur eta bihar, bi gai nagusiren bueltan: demokraziaren berrikuntza aro digitalean. Ikerketa eta berrikuntza ekosistemak eta demokrazia deliberatiboa, gizartearen aktibazioa eta gobernuen eraldaketa. Azken gai horren inguruan, gobernuen eraldaketarako, eta berrikuntzarako eta gizartearen aktibaziorako elkarrekin egiten ari garen lana izeneko mahai-ingurua egingo da, bihar eguerdian. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Kutxa Fundazioak, Mondragon Korporazioak eta Oñatiko Udalak gizartea aktibatu eta gobernantza eredu berri bat sortzeko martxan ipini dituzten ekimen ezberdinen berri emango dute. Izaro Elorza alkateak Berrikuntza tokiko erakundeetan izeneko ponentzia aurkeztuko du.
250dik gora lagunek eman dute izena Demokraziaren Berrikuntza Jardunaldietan parte hartzeko. Bilboko irekiera ekitaldiaren ondoren Arantzazuko Gandiaga topagunera aldatu dira jardunaldiok eta bertan amaituko dira bihar eguerdian, nazioarteko adituek aurkeztuko dituzten eguneko ondorioak entzunda.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!