Oñatiko udala

94.600 euro banatuko ditu Udalak kultur proiektuak eta programak gauzatu nahiz kultur sormen lanak egiteko

2024/03/13
Card image cap
Udalaren dirulaguntza iaz jaso zuen sormen lanetako bat
Dirulaguntzak eskatzeko epea apirilaren 15ean amaituko da

  Udaleko Kultura departamentuaren dirulaguntzen deialdian bi laguntza lerro biltzen dira: kultur proiektuak eta programak gauzatzeko 77.000 euroko diru poltsa izango da batetik, eta Oñatin, irabazi asmorik gabeko taldeek garatuko dituzten kultur sormen lanak egiteko 17.600 euroko beste poltsa bat izango da.

  Kultur proiektuak eta programak gauzatzeko dirulaguntzak, kultur arloko ekintza bat edo programazio oso bat antolatzen duten talde eta erakundeek eskatu ditzakete. Beti ere proiektua Oñatin gauzatzen bada. Ez dira kontutan hartuko udalaren beste dirulaguntzaren bat eskuratzen duten ekintzak. Proiektu eta programak gauzatzeko eskaerarekin batera, elkarteko arduradunaren nortasun agiria eta banketxe edo aurrezki kutxa batek emandako agiria aurkeztu beharko dira. Eskariak baloratzerakoan, proposatutako programaren ezaugarriak, eskaera egin duen erakundearen ibilbidea eta ezaugarriak eta dituen finantza baliabideak hartuko dira kontuan.

  Kultur sormen lanetarako dirulaguntzen deialdia berriz, Oñatiko sortzaileei zuzenduta dago, talde eskatzailearen erdiak edo banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egon beharko baitute. Dirulaguntza hauekin musikagileen maketen grabazio eta edizioa, komiki, fanzine edo bestelako kultur argitalpenen edizioa, antzezlan edo ikus-entzunezko lanen produkzioak edota bestelako sorkuntza formatu gauzatzea babestuko da. Dirulaguntza hauek banatzerakoan, herriko giza zein kultura ondareari egiten dion ekarpena, talde edo eragile ezberdinen arteko elkarlana, euskararen erabilpena sustatzea, genero ikuspegia txertatzea, taldearen egonkortasuna eta argitalpenaren kalitatea, kopurua eta aurrekontua hartuko dira gogoan, besteak beste.

  Kasu guztietan, proiektuak diruz babestea erabakitzen denean, dirulaguntzaren % 60a ordainduko da. Eta gainontzekoa, egindako lanaren likidazioa aurkezten denean. Kontu zuriketa egiteko azken eguna azaroaren 29a izango da. Oñatin kultur proiektuak eta programak gauzatzeko nahiz oñatiarrek kultur sormen lanak egiteko dirulaguntza hauetarako eskaerak elektronikoki egin behar dira, www.oñati.eus webgunearen bidez apirilaren 15a bitartean.

  Iaz, 30 elkarte eta kolektibo izan ziren dirulaguntza hauen onuradun, eta beste hainbat lagundu ziren espazioak edo baliabide materialak utziz, aholkularitza eskainiz eta abar. Sormen dirulaguntzei dagokionean hainbat diskok, liburuk, laburmetraia eta erakusketak jaso zuten udalaren laguntza.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!