9 milioi euroko diruzaintza gerakinarekin itxi da 2024ko aurrekontua eta 6 milioi pasa aurtengoetan txertatu dira

Osteguneko Osoko Bilkuran 2024ko aurrekontuen likidazioaren berri eman zuen udaleko Kontu-hartzaileak eta, horren harira, 2025eko 1P kreditu aldaketarako espedientea onartzea proposatu zen. Kreditu aldaketa gehiengoz onartu zen, EAJ abstenitu egin baitzen eta jarrera horren azalpena ematerakoan, 2024ko aurrekontu likidazioaren gerakinetik aurtengo aurrekontuan egindako txertaketaren desegokitasuna azpimarratu zuen Xabier Mugarza jeltzaleak.
2024ko udal aurrekontuaren diruzaintzako gerakina, guztira, 9,1 milioi euro diren arren, gastu orokorretarako gerakina 6,9 milioi da. Kontu-hartzailearen txostena luzea da baina aurrezki arrunt positiboa mantentzea azpimarratu zuen udal teknikariak, ohikoa duenez. Aipatu gerakin hori 2025eko aurrekontuan txertatuko da, nagusiki, aurreko urtetik datozen proiektuetarako edo Next Gerneration funtsetara lotutako proiektuetarako.
Ogasuneko batzordeburu Xabier Igartuak adierazi zuen 6 milioi horiekin bideratuko diren proiektuen %76a martxo bukaerarako gauzatuko direla. Baina EAJ kritiko agertu zen aurrekontu txertaketa horrekin eta urtarrilean, 2025eko aurrekontuen eztabaidan aipatutakoa gogoratu zuen Xabier Mugarzak, hau da, urteko proiektuen exekuzio maila txikiak aurrekontua urte batetik bestera txertatzea ekartzen duela eta horrek gobernu taldearen planifikazio falta agirian uzten duela.
Hori berau azpimarratu du EAJk hedabideetara zabaldu duen prentsa-oharrean, exekuzio eskas horrek 2025eko aurrekontua desitxuratu duela gaineratuz. Txertaketaren bidez 2025eko aurrekontuak %30 baino gehiagoko gehikuntza izan duela diote jeltzaleek, baina 2024an edo lehenago gauzatu beharreko proiektuen kaltetan. Gobernatzeko modu honek ziurgabetasuna sortzen duela diote jeltzaleek eta aurrekontuek asmoen katalogo bat ez baizik eta bide-orri zehatz eta betegarria izan behar dutela azpimarratzen dute, prentsa-oharrean.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!