Oñatiko udala

80 urtetik gorako herritarren txertaketa ia osatuta dago

2021/05/21
Card image cap
Gazteagoak Arrasaten txertatzen ari dira eta 55 urtekoei hitzorduak ematen hasi dira

  Oñatiko osasun etxeko erizainak arduratu dira 80 urtetik gorako herritarrak txertatzeaz. Baita gazteagoak izanik ere, mugikortasun arazo larriak izan eta etxean txertatu direnaz. Eta ia denak txertatuta daudela adierazi digute herriko osasun arduradunek; bigarren dosia jartzeko bakarren bat geratzen omen da oraindik, oso gutxi, eta gaixorik egon direlako edo Covid-a pasatuta oraindik sei hilabete igaro ez direlako, adineko oñatiarren batzuk geratzen ei dira txertoa hartzeko. Baina orokorrean, 80 urtetik gorakoen txertaketa osatuta dagoela adierazi digute.

  Alde horretatik lana arindu zaie anbulatorioko erizainei, nahiz eta antigeno eta PCR probak egiten jarraitzen duten. Zuzeneko harremana izan edo Covid-19ak eragiten dituen sintomaren bat duten herritarrei antigeno probak egiten zaizkie nagusiki, eta PCRak berriz, erditzeko dauden emakumeei edo ebakuntzaren bat edo osasun proba espezifikoren bat egin behar zaienei, hau da, kolonoskopia, astroskopia edota esfortzu proba egin behar zeienei. Halakoetarako PCR negatiboa izatea eskatzen da.

  Oñatin 80 urtetik gorakoak txertatu dituzte eta gazteagoak berriz, Arrasaten. Dagoeneko 60 urtetik beherakoak txertatzen ari dira, 1966an jaiotakoei hitzorduak ematen hasi zaizkie astean. Kinttadarik handienak dira aurreko mendeko 60. hamarkadakoak baina ziztu bizian doa hauen txertaketa ere.

  Eta bitartean Oñati eremu gorritik irten da eta Covid-aren intzidentzia metatua 235 da, 100.000 biztanleko. Herenegun irten zen Oñati 400dik gorako intzidentzia tasa duten herrien zerrendatik. Sei aste eta erdi eman ditu eremu gorrian. Baina azken egunetan izan den kasu beherakada nabarmenak bi egunetan eremu horian kokatzera eraman du.

  Azken egunetako datu onek eta aurrera doan txertaketak etorkizunaz itxaropentsu berba egitera daramatza anbulatorioko profesionalak, itxaropentsu baina tentuz oraindik, gaitza guztiz kontrolpean ez dagoelako eta gorakada berriak izan daitezkeelako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!