Oñatiko udala

8 lan aurkeztu dira jaietako egitarauaren azala irudikatzeko lehiaketara

2015/07/21
Card image cap
Irabazlea Kultura Batzordean erabakiko da eta bigarren saria, herritarren botoz hautatuko da

  Adituz osatutako epai mahaia bildu zen atzo lehiaketara aurkeztutako lanik hoberena aukeratzeko. Baina bi lan oso parean daude nonbait eta saria nori eman, etzi egingo den Kultura Batzordean erabakiko da. Horren arabera, 300 euro eta 200 txantxiko lehen saria banatuko da. Bigarren saria berriz, herritarren botoz hautatuko da lehiaketarako deialdia egin zenean iragarri zenez. Epaimahaiaren zalantzak tarteko, hasierako planak pitin bat aldatuko dira eta bihar irekitzekoa zen lanen erakusketa, ostiralean irekiko da.

  Kultur etxeko harreran kokatuko da aurkeztutako lanen erakusketa eta zazpi lan jarriko dira. Erakusketaren helburua bigarren saria jasoko duen lana aukeratzea denez, lehen sarirako hautatutako lana gorde eta erakusketatik erretiratuko baita. Herritarren esku egongo da ikusgai jarriko diren 7 lanen artean gustukoena aukeratzea. Boto gehien biltzen dituen lanak bigarren saria jasoko du, 200 txantxi. Kultur etxeko harreran jarriko den erakusketa, ostiraletik, hilaren 29ra arte egongo da ikusgai eta bozkagai.

  8 izan dira 18 urtez gorako zaleei zuzendutako lehiaketan bildu diren lanak. Gaztetxoei zuzendutako lehiaketara bestalde, 3 lan aurkeztu dira. Kasu honetan lan saritua ez da jai egitarauaren azalean kaleratuko baina argitaratu-argitaratuko da. Eta gaztetxoen lehiaketa irabazten duenak ere izango du bere saria, dirutan ez baino materialetan eta sarituaren adinera egokitutako oparia jasoko du.

Iturria: Oñati Irratia
 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!