700 etxebizitzetara zabaldu du zuntza Onarok
Ekaineran bi urte beteko ditu Onaro telekomunikazio operadoreak eta orain arte San Martingo eta Olakuako 700 etxebizitzetara zuntza zabaldu du eta landa auzoetako 60 baserritara antena bidezko banda zabala eraman du. Onarok 500 bezero ditu egun eta 500 mugikorretik gora martxan. Operadorearen jardunaren inguruan egin den agerraldian emandako datuetako batzuk dira.
Onaro helburu bikoitz batekin abiatu zuen Udalak 2021eko ekainean: herritarrei oinarrizko zerbitzua ematea telekomunikazioetan eta landa auzoetan banda zabaleko konektibitatea hobetzea, batetik, eta espekulazioari ihes egin eta interneterako sarbidea oinarrizko prezioan eskaintzea, bestetik. Alde horretatik, orain arte egindako lanaren balorazio ona egin dute udal arduradunek, onartuta, batzuetan nahi baino motelago gauzatzen ari direla eskuartean dituzten proiektuak.
Belar eta hilerrian jarri ziren antenei esker auzoetara internet banda zabala helarazten ari dira, une honetan. Baina badira zailtasun batzuk, Uribarri eta Garagaltza auzoetako zenbait eraikinetan. Horietarako zuntza eramango da. Uribarrin instalazioa botatzen ari dira jada eta Garagaltzara laster iristeko asmoa dutela adierazi du Xabier Igartuak, Zerbitzuak eta Landa Garapena batzordeburuak. Zuntza landa auzoetara eramateko proiektua aspaldikoa da. Egun Espainiako gobernuaren esku dago eta operadore handiak garatzen ari dira, dirulaguntzen arabera. Baina hutsuneak handiak dira eta sakabanatutako etxe ugari dituzten eremuak ezarpen horretatik kanpo uzten ari dira. Arazoa, gainera, ez da landa auzoetara mugatzen eta Oñatin bertan, herriguneko etxalde berriak, San Martin edo Kurtzekua kasu, internet konektibidaderik gabe utzi direla salatu du Xabier Igartuak.
Dauden arazo eta gabeziak ezagututa, eta interneterako konexioa oinarrizko eskubide bezala ulertuta, bizilagunekin elkarlanean aritu asmo da Oñaro, zuntza herriko etxe guztietara helarazteko. Hala egin da San Martingo 300 etxebizitzetan edo Olakuan, San Andres kooperatibaren 414 etxeetan. Zuntz sare propioa herrigune osoa hedatzeko helburuarekin lanean jarraituko dutela adierazi du Igartuak.
Etorkizun hurbilean, bestalde, internet bidezko telebista eskaini asmo du Onarok, zerbitzua osatu ez ezik, telebista seinalea egoki hartzeko arazoak dituzten herritarrei konponbidea eskaini ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!