Oñatiko udala

7 ikuskizun antolatu dira KALEAN udako kultur egitarauan

2024/06/12
Card image cap
Kokaleku berriak estreinatuko dira, Atzeko kalea eta San Martingo plaza

  Herriko talde eta eragileen eta Euskal Herri mailakoen arteko oreka mantentzeko ahalegina egin da, aurten ere, eta emanaldietarako kokapen berriak zehaztu dira, izan Atzeko kalea, izan, San Martingo plaza edo Upain txakolindegi ingurua. Lazarragako lorategia eta San Lorentzoko ermita aurrealdea, guztiz finkatuta dauden eszenatokiak dira KALEAN egitasmoan.

  Publiko orori bideratutako ekitaldiak antolatu dira aurtengo programan eta musikak pisu berezia hartu du baina pailazo ikuskizun bat ere izango dira, tartean. Eta herritarrak ikusle edo entzule ez ezik, protagonista izango dira lehenengo bi ekitalditan. Hala, datorren asteazkenean, hilaren 19an, Musika eskolakoen ikasturte amaierako kontzertua izango da Atzeko kalean, 18:00tan hasita. Eta ekainaren 28an, berriz, Ganbara Faktoriak antolatuta, eta Bitoriano Gandiagaren idatziak oinarri hartuta, txakolina ardatz izango duen musika, dantza eta poesia ikuskizuna eskainiko da Zañartun, Upain txakolindegiaren inguruetan. Ikuskizun berezi hau 22:00etan hasiko da.

  Uztailerako programatu diren lau kontzertuak asteazkenetan izango dira eta 19:00tan hasiko dira. Uztailaren 3an, eta EREI elkartearekin elkarlanean, 34 leiho afganiarrak kontzertu-performancea izango da Lazarraga lorateagian. 10ean, VULCANIZADAS blus eta soul emanaldia, San Lorentzoko ermita aurrealdean,. 17an, KUTTUNE folk taldearen emanaldia Lazarraga lorategian, eta amaitzeko, uztailaren 24an, TXASTON DIXIE BAND talde tolosarra izango da, San Martinen. Abuztuan etena izaten du Kalean egitarauak eta azken ekitaldia, iraileko lehen domekan izan ohi da, eta aurten ere hala egingo da, Bidebarrietako jaixen baitan. Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoek Atxis! ikuskizuna eskainiko da Errementari plazan.

  Kalean programazioak 18.000 euro inguruko aurrekontua izango du, azken urteetakoen antzera. Baina 10 urte atzera eginda, hau da, Udaleko Kultura departamentuak Gazteriak abian jarritako egitasmo hau hartu zuenean, dezentez aurrekontu txikiagoz antolatzen hasi ziren Kalean.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!