612 mila euro jasoko ditu Udalak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kontzeptuan
Urtean milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresek ordaindu behar dute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga. Ordaindu beharrekoa asko izaten da eta iaz baino 4 errezibo gutxiago bideratu diren arren, 179 guztira, jasoko den dirua gehiago da, zerga ordaindu behar duen enpresen fakturazioak nabarmen gora egin duenaren seinale. Zergan, gainera, udal ordenantza fiskaletan onartu zen %4aren igoera orokorra aplikatu da. Udalak, JEZ/IAE zerga kontzeptuan 612.421 euro jasoko ditu aurten, iaz baino 28.300 euro gehiago.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kalkulatzeko enpresen fakturazioa oinarrizko aldagaia den arren, langile kopurua eta beste zenbait faktore hartzen dira kontutan. 2017az geroztik esaterako, enpresa bakoitzaren negozio bolumena begiratu eta negozio zifra garbiarekiko koefizientea deritzona aplikatzen du Oñatiko udalak JEZ/IAE-a kalkulatzerakoan.
JEZ/IAE deritzona ordaindu behar duten enpresa gehienek ordainketa helbideratuta dute. Horiei dagokien kargua azken egunean, azaroaren 11n egingo zaie. Karguaren data jakinaraziz eta udalaren esku dauden kontu korronte zenbakia eta bestelako datuak egiaztatu ditzaten eskatuz gutuna bidaliko zaie udaletxetik. Gainontzekoei, hau da, ordainketa helbideratu gabe duten 53 enpresei, erreziboak datozen egunotan bidaliko zaizkie, ordaintzeko borondatezko epea azaroaren 11n amaitzen dela azpimarratuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!