Oñatiko udala

600 neska-mutikok parte hartuko dute domekako Haurren Egunean

2024/09/13
Card image cap
(Arg: Marian)
Txutxini keinu egingo zaio Alkate txikiaren agurrean

  Oñatz dantza taldearekin batera, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako 11 taldek bat egingo dute igandean 52. Haurren Egunean. Kanpotik, 300en bat haur etorriko dira eta horiei Oñatzeko beste horrenbeste batu behar zaizkie. Handia, koloretsua eta alaia izango da beste urte batez Haurren Eguna.

  Etorriko diren haur guztiek herriko familiekin bazkalduko dutela azpimarratzekoa da. Taldeko haurren gurasoei eta, orokorrean, herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete Oñatzekoek, urtero erakusten duten eskuzabaltasun eta inplikazioagatik. Taldeetako arduradun eta musikariak berriz, ospakizunarekin bat egiten duten herriko elkarteetan bazkalduko dute. Haurren banaketa 13:30etan hasiko da plazan, urtero moduan.

  Oñatiko Haurren Egunak indartsu eta osasuntsu jarraitzen du; horren lekuko izango dira domekan gure kaleak alaitzen arituko diren 600 haur pasa. Dantzari gaztetxoek lan handia egiten dute urtean zehar dantza berriak ikasten eta halako irteerak sari izaten dira eurentzat. Oñatiko gaztetxoenen taldeak, gainera, lehenengo agerraldi publikoa egingo du domekan, ohikoa denez.

  Taldeei harrera 10:15etan egingo zaie eta hamaiketakoa jan ondoren, eguerdi aurretxoan, 11:45tan, Alkate txikiaren agurra jasoko dute. Aurten, alkate lanak, Eider Bruna Aiastuik beteko ditu. Ongi-etorri mezuan Jesus Irizar Txutxini aipamena egingo zaio eta alkate eta korporazio gaztetxoarekin batera plazan bildutako denak, haur eta nagusi, gonbidatuko dira Agurra dantzatzera. Ondoren, taldeak, herriko plaza eta kaleetan barrena dantzan ikusi ahal izango ditugu. Arratsaldean berriz, 17:00etan Etxaluzetik plazara kalejiran etorriko dira guztiak eta jaialdiari, alardeari, hasiera emango zaio jarraian. Eguna amaitzeko, buruhandi eta erraldoiak izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!