Oñatiko udala

60 haurrek bakarrik bazkaldu dute gaur Urgain eskolako jangelan

2025/01/30
Card image cap
Gutxieneko zerbitzuak bete dira, sukaldarien greba dela eta

  Hezkuntza publikoan diharduten kolektibo berrietara zabaldu da gaur LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuen greba deialdia, sukalde eta garbiketako langileengana. Oñatiko ikastetxe publikoetan sukalde bakarra dago, Urgain eskolan, eta bertako lau langileek greba egitea erabaki dute. Ondorioz, Hezkuntza sailak agindutako gutxieneko zerbitzuak betez sukaldari bat aritu da lanean, dagokion ratioaren arabera, 60 neska-mutikoentzat bazkaria prestatzen.

  250en bat ikasle dira Urgain eskolan bazkaltzera geratzen direnak. Hori kontutan hartuta, lehentasunak markatu behar izan dira, bertan bazkalduko dutenak zehazteko. Ikastetxetik urrun bizi eta eskola-garraioa erabiltzen dutenak eta 2 urteko haurrak lehenetsi ziren, zuzendaritza, sukaldari eta gurasoen ordezkariek egin zuten bileran.Hala jakinarazi zaie ikasleen gurasoei. Sukaldariek greba gaur eta bihar egingo dute, beraz, egoera bi egunetan errepikatuko da.

  Sukaldeko langileak ez ezik, garbiketakoak ere grebara deituta daude. Kasu honetan, eragina txikiagoa izango da herriko ikastetxe publikoetan, gehienetan, azpikontratatutako enpresetako garbitzaileak aritzen direlako. Hezkuntza sailari dagozkionak hiru dira eta batek egun bakarrean greba egitea erabaki du.

  Sukalde eta garbiketako langileek azken 15 urteetan berritu ez den lan hitzarmena eguneratzea eskatzen dute eta irakasleek eta Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileek aurrez egin bezala, lan-zama arintzea, plantilak gaztetzeko plana garatzea, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea, langileen lan osasuna bermatzea, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hizkuntza politikak abiaraztea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatzeko baliabideak jartzea eskatzen dute.

  Biharkoarekin osatuko da hezkuntza publikoan sindikatuek deitu bdituzten lehen sei greba egunak. Otsailerako beste sei egun erregistratuta daude.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!