Oñatiko udala

6.500 kilo janari batu dira asteburuko elkartasun kanpainan

2023/10/10
Card image cap
Parte hartu duten boluntario, dendari eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkie Hotz Oñati taldeak

  Zaporeak elkartearen bitartez helaraziko da Greziara, Lesbos uhartera, asteburuan herrian batutako materiala, hasieran iragarri zen bezala. Ostegun, ostiral eta larunbatean bildutako janaria kaxa eta paletetan prestatu da eta gaur bertan irtengo da materiala Martutenera, Zaporeaken biltegira. Gobernuz Kanpoko Erakundea arduratuko da ondoren, janaria Lesbosen duen sukaldera bideratzen. Egunero 2.000 otordu kuzinatzen dituzte Lesbosen harrapatuta dauden errefuxiatuentzat.

  Guztira, 6.500 kilo janari batu dira asteburuan herriko janari dendetan. Iaz 8.000 kilo inguru jaso zen, beraz, pitin bat gutxiago batu da aurten, baina Hotz Oñati elkarteko kideak pozik agertu dira, elikagaien prezioaren gorakadak batutako kopuruan eragingo zuela aurreikusten baitzuten.

  Hotz Oñati taldekoak oso pozik daude boluntario, dendari eta herritarren aldetik jaso duten babesagatik ere. Alde guztietatik jasotako laguntza eskertu nahi dute; eskerrak produktuak batzeko lekua eta bitartekoak eskaini dituzten herriko bost dendei: San Migel kooperatibari, Errekaldeko dendari, Errekaldeko eta Arantzazuko Ama kaleko Eroski dendei eta Olakuako BMri. Eskerrak materiala biltzen eta ondoren ordenatu eta prestatzen aritu diren boluntario guztiei eta eskerrak baita ere, produktuak eman dituzten herritar guztiei. Halako talde eta laguntza sendorik gabe Hotz Oñati taldeak aurrera egitea oso zaila izango lukeela azpimarratuz, esker-mezua zabaldu du errefuxiatuen aldeko elkartasun taldeak.

  Hotz Oñatik urteak daramatza era honetako material bilketa kanpainak egiten. Era honetako kanpainek helburu bikoitza dute: errefuxiatuentzat elikagaiak batzea eta errefuxiatuen errealitate gordina oraindik bizirik dagoela gogoraraztea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!