Oñatiko udala

584 mila euro jasoko ditu Udalak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kontzeptuan

2023/10/04
Card image cap
Iaz baino 32.500 euro gehiago batuko dira, errezibo gehiago bideratu eta zerga jaso delako

  Urtean milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresek ordaindu behar dute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga. Ordaindu beharrekoa asko izaten da eta baten gora behera nahikoa da udalak izango duen diru sarreran nabarmen eragiteko. Are gehiago, 13 errezibo gehiago bideratu badira. Iazko erroldaren arabera, Oñatiko 169 enpresek izan zuten milioi bat euroren gaineko fakturazioa eta aurten 182k. Zergan, gainera, udal ordenantza fiskaletan onartu zen %4aren igoera orokorra aplikatu da. Bi faktore horiek iaz baino 32.536 euro gehiago jasotzea eragingo dio Udalari. Guztira, JEZ/IAE zerga kontzeptuan 584.121 euro jasoko ditu aurten.

  Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kalkulatzeko enpresen fakturazioa oinarrizko aldagaia den arren, langile kopurua eta beste zenbait faktore hartzen dira kontutan. 2017az geroztik esaterako, enpresa bakoitzaren negozio bolumena begiratu eta negozio zifra garbiarekiko koefizientea deritzona aplikatzen du Oñatiko udalak JEZ/IAE-a kalkulatzerakoan.

  JEZ/IAE deritzona ordaindu behar duten enpresa gehienek ordainketa helbideratuta dute. Horiei dagokien kargua azken egunean, azaroaren 10ean egingo zaie. Karguaren data jakinaraziz eta udalaren esku dauden kontu korronte zenbakia eta bestelako datuak egiaztatu ditzaten eskatuz gutuna bidaliko zaie udaletxetik. Gainontzekoei, hau da, ordainketa helbideratu gabe duten 51 enpresei, erreziboak datozen egunotan bidaliko zaizkie, ordaintzeko borondatezko epea azaroaren 10ean amaitzen dela azpimarratuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!